Beste hiru literatur sari, Iñigo Legorbururentzat

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 29a, 00:00

Legorburu, sarietako bat jasotzen.

Urnietan eta Ordizian jaso du sari bana narrazioengatik, eta hirugarren bat Durangon bertso idatziengatik.

 

Ikasturte amaierarekin batera, hainbat literatur lehiaketatako emaitzak eman dituzte jakitera, eta horietatik hirutan lortu du saria Iñigo Legorburu hernaniarrak. Zehazki, bere narrazioak saritu dituzte Urnietako On Manuel Antonio Antia literatur lehiaketan eta Ordiziako Kimetz emakume taldearen narrazio lehiaketan; eta bere bertso sorta izan da garaile Durangoko Julene Azpeitia literatur lehiaketako bertso paperen atalean.

'Simetriak' lanarekin eskuratu zuen Urnietako lehenengo saria Legorburuk, eta 1.800 euroko diru-saria eta publikazioa lortu zituen horrela. Aurrenekoz lortu du lehenengo saria bertan, beste bi aldiz finalista izan ondoren.

Ordizian, berriz, Legorbururen 'Eskutik' idazlanak lortu zuen aurreneko postua eta 600 euroko diru-saria, eta Ordiziako Udalak Santa Ana festen inguruan kaleratzen duen aldizkarian argitaratuko dute idazlana bera.

Eta Durangon iaz lortutako sa­ria errepikatu du hernaniarrak, oraingoan 'Amonaren talaiatik' bertso sortarekin, «Juana Bixenta Olabe doinu alai eta jostagarrian idatzitako zortzi bertso, non amona batek noka erabilita berreskuratzen dituen gazte garaiko momentuak». 300 euroko diru-saria eta diploma lortu ditu horiekin, eta abenduan argitaratuko dituzte, liburuxka batean, saritutako beste lanekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!