Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako seigarren txapelaren bila joan ziren atzo Atanora Hernaniko pelotariak. Aurrean, ordea, aurkari gogorrak topatu zituzten, eta azken tantora arte borrokatu bazuten ere, oiartzuarrek irabazi zuten finala: 2-1.
Albiste pozgarriarekin ekin zion Hernanik atzoko goizari. Kadeteen mailako partiduan 8-22 irabaztea lortu zuten Oier Arsuagak eta Lier Zugastik. Lehenengo tantoetan berdinduta joan ziren bi bikoteak, baina segituan hartu zuten aurrea hernaniarrek. Zugastiri oso bizi ateratzen zitzaion pelota eskutik, eta eusteko ahaleginean atzelari oiartzuarrak pelota asko jo zituen gora. Atzean nagusi zirela eta, Arsuagak arrisku gutxiago hartu zituen aurrean, baina erremate ederrak ere egin zituen.
Partiduaren erdialdean susperraldi txiki bat izan zuen Oiartzunek, aldeak nabarmen murriztuta (8-9). Baina hortik aurrerakoak urdin kolorea besterik ez zuen izan; Arsuagak meritu haundiko bi tanto bukatu zituen, eta Hernanik errenkadan lortu zituen gainontzeko tanto guztiak.
Lehenengo partidua irabazita, eta aurreikuspenak jakinda, jubenilen mailako partiduan zegoen finaleko gakoa. Ekhi Oses kadeteak eta Oier Azpeitiak jokatu zuten, Manex Olaizen eta Aitor Etxeberriaren aurka. Lehenengo zatian markagailuari ondo eutsi zioten hernaniarrek, baina nekearen poderioz bigarrenean ezin izan zuten oiartzuarren joarekin.
Hiru berdinketa izan zituen partiduak: 7-7, 8-8 eta 14-14. Azken berdinketatik aurrera, ordea, Oiartzungo Olaizek nagusitasun haundia erakutsi zuen kantxan, Osesen eta Azpeitiaren ahaleginak deuseztatuta. Azkenean, 22-16 amaitu zen jubenilen norgehiagoka.
Nagusien mailako partiduan erabaki zen finala. Xabi Apaolaza eta Markel Lizeaga aritu ziren Oiartzungo bikote boteretsuenaren aurka. Oihan Etxeberriak eta Unax Landak hasieratik hartu zuten markagailuaren jabetza, eta hernaniarrak pixka bat gerturatzea lortu zuten arren, 8garren tantotik aurrera hautsi egin zen partidua.
Apaolaza eta Lizeaga lehenengo tantoan bakarrik joan ziren aurretik. Ondoren, aldeak murriztea lortu zuten pare bat alditan (6-4/11-8), baina azken emaitzak argi islatzen du oiartzuarren nagusitasuna: 22-10.
Seigarren txapela eskuratu ez bazuten ere, Hernaniko pelotariak gustura geratu ziren egindako lanarekin.
Sekulako giroa harmailetan
San Joanak zertxobait luzatu zituzten batzuk Herriarteko finalera joateko. Giro ederra jarri zuten Hernaniko zaleek Atanoko harmailetan, eta pelotarien esker ona jaso zuten partiduak amaitzean.