Eraso arrazistei eta jarrera faxistei aurre egiteko deia egin zuten Txosna Batzordeko eragile guztiek

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 28a, 11:02

Eragile guztiek agerraldi bateratua egin zuten atzo arratsaldean, Amherren babesarekin. Herritarrei dei egin zieten «ardura indibidual eta kolektiboak» hartu eta «ultraeskuinak hauspotzen dituen balio arrazistei» aurre egiteko. San Joanetan gutxienez 8 eraso arrazista izan direla salatu zuten. 

San Joanetako gauetan gertatutako eraso arrazisten kontrako agerraldia egin zuten atzo Hernaniko Txosna Batzordeko eragile guztiek: Hernaniko Rugby Elkartea, Bilgune Feminista, Denak Etxera, Kontrakantxa Gaztetxea, Mugimendu Sozialista, Ernai, Askapena, Boltaia, Elkartasun Taldea. Amherrek ere bat egin zuen irakurketarekin. 

Hernanira bakarrik mugatu gabe, perspektiba zabalagoarekin hasi zuten hitzartzea txosnaguneko eragileek, Euskal Herria «ez dela oasi bat» nabarmenduta: «Mundu mailako testuinguruari erreparatzen badiogu, hartutako bidea nabarmena da: faxismoaren gorakada, eskuin muturraren indartzea, militarizazioaren hauspotzea, matxismoaren normalizazioa, maskulinitate eredu atzerakoia sustatzea, pobreziaren areagotzea, migrazio politiken gogortzea eta atzerritartasun lege kriminalak babestea...».

Testuinguru horretan, salatu zuten badirela «aste batzuk» Hernanin «jarrera, gezur eta ekintza antolatu arrazistak» ematen ari direnetik: «Festek errealitate hori kondentsatu eta bere gordintasunean azaldu digute». Eragileek dakitenez, gutxienez 8 eraso arrazista izan dira San Joanetan: «Hala ere, ziur gaude eraso horiez gain, beste hainbat ere izango zirela».

Eraso horiek justifikatzeko erabili diren «aitzakiak» ere aipatu zituzten agerraldian, «istiluak eta bortxaketak» nabarmenduta: «Istiluak aitzakiatzat hartuta ezin direla jatorri magrebiarreko gazteak seinalatu, kriminalizatu eta jipoitu. Gainera, oso larria da bortxaketa bezalako gertaerak asmatzea arrazismoa hauspotzeko. Bortxaketak banalizatzeko modua da, gainera. Ez erabili emakumeon gorputza eta gure ongizatea jatorri magrebiarreko gazteak deshumanizatzeko eta kriminalizatzeko». 

Irakurketarekin amaitzeko, Txosna Batzordeko eragileek «ardura hartzeko» deia egin zieten herritarrei: «Hernaniarrei dei egiten diegu herritar bezela bakoitzak dugun ardura indibidual eta kolektiboa hartzeko eta ultraeskuinak hauspotzen dituen balio arrazistei aurre egin eta horiek borrokatzeko, gure bizitzako esparru guztietan».


«Ertzaintzak izandako betiko jarrera salatu nahi dugu»

Eraso arrazistak salatzearekin batera, Ertzaintzaren jarrera ere salatu zuten eragileek, eta babesa adierazi zieten kargetan zauritutako herritarrei. «Indarkeriaz saiatu ziren kalea hartzen eta txosnagunera hurbiltzen. Txosnagunea espazio politiko eta autogestionatua da eta ez dugu poliziaren presentziarik onartuko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!