Koadernoko orrietatik, institutuko hormara

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 28a, 00:00

Laura Parra BHI Institutuko ZIGeko ikaslea erakusketan, Kronikarako elkarrizketan.

Zeregin Ikaskuntza Gela 10 ikaslek osatzen dute, eta horien artean dago Laura Parra artista lasartearra. 2024tik 2025era bitartean egindako marrazki guztiekin erakusketa bat osatu du, BHI Institutuko pasilloan, klasekideen eta irakaslearen laguntzarekin. 

Dei bat jaso zuen Kronikak ekainean BHI Institututik, bertako ikasle batek eraikineko pasilloetan erakusketa bat jarri zuela iragarriz. Ekainaren 17an gerturatu zen Kronikako kazetaria bertara, artista ezagutu eta egindako obrari buruzko nondik norakoak jasotzera. Institutura sartu bezain pronto, Zeregin Ikaskuntza Gelako (ZIG) kideak aurkeztu ziren: Alain, Eneko, Uxue, Alex, Laura, Gorka, Amaiur, Fatima, Fernando eta Ciro. Gela hau aniztasun funtzionala duten 10 ikaslez osatuta dago, eta horien artean dago Laura Parra, artista lasartearra. Aipatu du «lan asko» egin ondoren, erakusketarekin «pozik» dagoela. 

Agustin Iturriagako eraikinean, kafe makinaren aurrean, pasilloaren bi aldeetara daude Lauraren obrak, eta, sekulako kolorea ematen diote espazioari. «2024 eta 2025garren urteetan zehar egindako lanak daude hemen ikusgai». Laurak «emankortzat» definitu du bere burua, eta dio, lan gehiago ere badituela «baina 90 aukeratu ditut erakusketa honetarako». Estilo berezia da Laurarena, «esango nuke behin nire margoak ezagututa, gero erraz identifikatu daitezkeela beste batzuen artean». 

Erakusketak institutuko eraikineko pasilloaren bi aldeak hartzen ditu, eta lamina edota koadro haundi desberdinetan dago antolatuta, «sortu ditudan margoak sartu ditugu koadro hauetan, horretarako, nire klasekideen eta irakaslearen laguntza izan dut». Koadro bakoitzaren barruko margoak, Lauraren koadernotik ateratako lanak dira: «gainera, bakoitzak bere berezitasunak ditu, bakoitzak du besteengandik bereizteko detaileren bat». Era berean, Laurak emakumeen irudia islatzen du bere lanetan, «askotan egiten ditut gorputz osoak, batzuetan aurretik ikusita, beste batzuetan, berriz, atzetik...». Hala ere, Lauraren espezialitatea aurpegietan dago: «irudikatzen ditut aurpegiak, eta saiatzen naiz errealagoak edota kontzeptualagoak izan daitezen».

Pintura klaseetara joaten dela aitortu du Laurak, baina aspalditxotik datorkion sena da pinturarena, esan daiteke bizitzatik marrazteko koaderno batekin doala: «ilusio askorekin egiten ditut marrazkiak, eta inoiz ez dut pentsatu erakusketa batean ikusiko nituenik nire lanak. Nik egiten ditut niretzat, baina inguruko jendeak gustuko dituela esaten didatenean, barruan zerbait sortzen zait, zerbait polita».

 

Erabilitako euskarri berrerabiliak

Laura Parraren erakusketa, esan bezala ZIGeko ikasleen artean osatu dute, denek jarri dute ahalegina, eta horretarako erabilitako euskarriak berrerabiliak izan dira; «zaborretara botatzeko zeudenak eta zaborretatik hartutakoak, adibidez, institutuko laborategi berria instalatzeko ekarri zituzten altzarien paletak eta zaborretara bota behar zituzten taulak».

Erakusketarekin «oso pozik» dago Laura, eta esker hitzak elkarbanatu nahi izan ditu: «eskertu nahi diet bidean lagundu didaten guztiei; besteak beste, irakaseei eta klasekideei. Haiengatik izan da posible hau guztia!». 

Amaitzeko, Laurak aipatu du margotzen jarraitzeko asmoa duela, beraz, koadernoarekin segiko du bizitza zeharkatzen, eta datozen proiektuetarako orriak prestatzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!