Hernanin gertatutako gertaeren aurrean Plazan ehundaka pertsona bildu ziren erantzuna emateko, San Joan egunez. Amher elkarteak egin zuen deialdia «pertsona guztien bizitzak erdigunean jarri eta arrazakeriaren kontra gaudela esateko». Lau egun aurretik Zinkoenean egindako elkarretaratzean esandakoak berretsi zituzten: «Bertan adierazi genuen, Hernanin, magrebiar jatorriko herritarren aurkako gorroto mezuek ez dutela lekurik, ezta edozein herritarren osotasun fisikoa arriskuan jartzen duten jarrerek ere».
«Jakitun gara herrian eman diren hainbat gertakarik ezinegona sortzen dutela. Argi utzi nahi dugu, elkarbizitza arazoak sortzen dituen pertsona edonor dela ere, ez dela onargarria eta arazo horri heldu egin behar zaiola».
«Baina azken aldiko gertaerek duten jatorri arrazista ezin da ukatu: gisa honetako bestelako liskarren aurrean ez delako modu honetako erantzun antolaturik ematen. Are gehiago, jatorri zehatz batzuetatik datozen herritarren aurkako gorroto mezuak zabaltzen dira, komunitate oso bat kriminalizatu eta arriskuan jarriz».
«Edozein kasutan, herri bezala horrelako egoerei eman nahi diegun erantzuna da hemen jokoan dagoena. Komunitate gisa hausnarketa bat eskatzen digu honek, nahi dugun elkarbizitza ereduaren inguruan».
«Aurreko ostiralean esan genuen bezala, egoera konplexuen aurrean irtenbide konplexu eta egiturazkoak behar ditugu, eta ez dugu nahi besteekiko kontrakotasunean eta gutxiespenean eraikitzen den herri izaerarik».