Kaleratzeak Stop Hernanik gaitzespen, haserre eta harridurarik haundiena adierazi nahi du udalerrian lurzoru publikoan egingo diren etxebizitzen hurrengo sustapenaren aurrean. Etxebizitza horiek eskuratzeko zozketa bat egingo da «urtean 20.000 eta 70.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenen artean».
«Gainera, ez da onargarria egungo etxebizitza-larrialdiko testuinguruan lurzoru publikoa saltzea, premiazkoa eta beharrezkoa alokairu sozialeko etxebizitza publiko eskuragarria sortzea denean», diote.
Azpimarratu nahi dute «alokairuko etxebizitzen parke publikoa dela tresnarik eraginkorrena, jasangarriena eta bidezkoena epe luzerako etxebizitzarako eskubidea bermatzeko. Jabetza eskuratzeko ereduak profil ekonomiko ertainen alde egiten du, eta sektore kalteberenak baztertzen ditu. Alokairuko etxebizitza publikoak, aldiz, herritarren bizitegi-premia errealei erantzuteko aukera ematen du, lurzoruaren eta ondare publikoaren funtzio soziala bermatuz».
Gogorarazi nahi dute «Konstituzioaren 47. artikuluak herritar guztiei aitortzen diela etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea, eta ezartzen duela botere publikoek beharrezko baldintzak sustatu eta arau egokiak ezarriko dituztela eskubide hori gauzatzeko, lurzoruaren erabilera interes orokorraren arabera arautuz espekulazioa saihesteko».
Era berean, «Etxebizitzarako Eskubidearen aldeko maiatzaren 24ko 12/2023 Legeak agindu hori indartzen du, 3. artikuluan honako hau adierazten baitu: Administrazio publikoek etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea baliatu ahal izatea bermatu beharko dute, gizarte-sektore behartsuenei lehentasuna ematen dieten politika publiko koordinatu eta jasangarrien bidez».
«Udal honek aurreikusitako jarduketak Konstituzioaren eta indarrean dagoen legearen espiritua eta helburuak urratzen ditu, eta hiri-eredu baztertzaile, jasanezin eta erabat desorekatua betikotzen du».
Horregatik guztiagatik, «eskatzen dugu lurzoru publikoaren salmenta geldiaraz dadila eta hurrengo sustapenak alokairuko etxebizitza publikoaren eredura bidera daitezela, benetan irisgarria izango dena, premia handieneko egoeran dauden kolektiboei lehentasuna emanez».
Gai horiek guztiak «Etxebizitzaren Udal Mahaian eztabaidatu zitezkeen. Mahai hori alderdiek eta herriko gizarte-erakundeek osatzen zuten etxebizitza-arazoak jorratzeko eta alkatetzak alde bakarrez itxi zuen».