Gau iluna izan zen San Joan jaien aurrenekoa, Hernaniko Kaxkoan. Istilu larriak gertatu ziren goizaldeko une ezberdinetan, borrokak tarteko.
Gertatutakoa «salatzeko» gaur goizean bildu dira Udaleko bozeramaile batzordea eta Txosna Batzordea, berriz, gaur arratsaldean.
Alderdi guztiek adostasunez, adierazpen instituzionala
Hernaniko Udaleko bozeramaile batzordea bildu da gaur goizean, udal talde guztiek gertatutakoaren berri izateko, eta alderdi guztien adostasunez, onartutako adierazpen instituzionala zabaldu dute dagoeneko. Bertan, azpimarratu dute ez direla «onargarriak herritarren osotasun fisikoaren aurka sustatutako oldarraldi eta liskarrak». Horregatik, Udalak elkartasun osoa adierazten du, «gertakari horien ondorioz kaltetuak izan direnei». Istiluen iturburua izan den gertakarien inguruko informazio argirik ez dagoen arren, Udalak ondorengoa azaldu du: «gisa horretako jokabideek gure herriko elkarbizitzan duten eragin kaltegarriaz ohartarazi nahi dugu. Gure artean bizi den pertsona oro komunitate honen parte da, edozein dela ere bere jatorria. Bizikidetzaren aurkako jokabide bakar bat ere ez da onargarria, datorrenarengandik datorrela». Eta aldi berean, egoera kudeatu eta baretzen lagundu duten txosna batzordeko kide eta herritarrei eskertu nahi izan diete.
Hernaniko Txosna Batzordeak ere oharra
Gaur arratsaldeko 17:00etan bildu da Txosna Batzordea, ekainaren 23an gertatutakoa eztabaidatzeko eta ohar bat elkarbanatu dute, gertaerak «onartezinak» direla azpimarratuz. Ondorengo eragileek eta elkarteek sinatu dute oharra: Hernaniko Rugbi Elkartea; Bilgune Feminista; Mugimendu Sozialista; Kontrakantxa Gaztetxea; Askapena; Denak Etxera Elkartasun Taldea; Ernai; eta Boltaia.
Oharrak, besteak beste, ondorengoa dio: «aurretik herrian izandako liskar batzuk aitzakiatzat hartuta, bart gauean, hainbat eraso arrazista (guk dakigula 3) izan ziren, jipoi masibo eta antolatuen bidez. Liskar edo borrokaldi batek sekula ez du justifikatuko talde eraso antolaturik». Horren harira, txosnagunean izan zen «poliziaren oldarraldi bortitza» ere salatu eta «babes osoa» erakutsi diete zauritutako kideei.
Bestalde, «irmoki» salatu dute «gertakarien harira asmo interesatu batekin zabaltzen ari diren bulo eta gezur arrazistak, baita Hernanin, jaien aurretik hedatutakoak ere. Lapurreten eta elkarbizitza urratzen duten jokaeren aurrean ez dago lintxamendua justifikatzerik». Horrenbestez, Txosna Batzordeko eragileek, festak amaitu bitartean, eta oro har, urte osoan, «aurre egingo diogu morboa, espektakuloa eta ondoeza sustatzen duten portaera orori. Eta nola ez, eraso guztien aurrean irmoki erantzungo dugu». Hau guztia salatzeko, gaur arratsaldean AMHER elkarteak antolatutako elkarretaratzearekin bat egingo zutela azaldu zuen Txosna Batzordeak.