Aurreko asteko ostegunean jokatu zituzten Aralar Tabernako Mus Txapelketako azken partiduak. XXXIX. edizioa izan da aurtengoa, eta sekulako arrakasta izan du beste urte batez.
Txapelketako irabazleak Fernando Martin eta Maxi Martin izan ziren, finalean Agurtzane Etxeberria eta Ander Polaina ama-semeei 4-0 irabazita.
Hirugarren eta laugarren postuak ere ostegun iluntzean erabaki ziren. Kasu honetan ere 4-0 irabaztea lortu zuten Antton Dominguezek eta Joxe Mari Zulaikak, Joxe Amondarainen eta Ixi Alvarezen aurka.
Bi partiduen tartean Marsel Magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zen Aralarren, eta giro ederra sortu zen bertan.
Antolatzaileak gustura, saridunak pozik eta jendea gehiagorako gogoz! Datorren urtean urteurren borobila ospatuko dute.