Gau iluna izan da San Joan jaien aurrenekoa, Hernaniko Kaxkoan. Istilu larriak gertatu dira goizaldeko une ezberdinetan, borrokak tarteko, eta hainbat zauritu izan dira, baina haietako inor ez arma zuriz, dirudienez. Gainera, lagun bat atxilotu du Ertzaintzak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aditzera eman duenez.
Goizaldeko 01:30ak baino lehen hasi dira aurreneko istiluak Plazan. Orduan, Hernaniko Udaltzaingoak Ertzaintzaren laguntza eskatu du, egoera kudeatzeko; eta antidisturbioak iritsi dira Plazara. Une horretan egoera lasaitzea lortu dute, baina istiluak berpiztu egin dira gauean zehar, eta berriro bertaratu behar izan du Ertzaintzak, 03:30ak aldera. 10-12 ertzain auto eta beste lau udaltzain auto azaldu dira Tilosetara. Txosna guztiak itxi dituzte, eta objektuak botatzen hasi zaie jendea.
«Hainbat iskanbila izan dira, jende askoren partehartzearekin. Gau osoan zehar izan dira istiluak, dimentsio ezberdina hartu dutenak», azaldu du Xabier Lertxundi alkateak: «Udaltzaingoak Ertzaintzaren laguntza eskatu du, eta Ertzaintzak kargatu duenean, giroa are gehiago gaiztotu da. Hainbat zauritu izan dira, baina ez daukagu informazio zehatzik oraindik. Osasun Sailarekin harremanetan gaude, eta datu errealak izatean egingo dugu balorazioa».
Hernaniko Udaleko bozeramaile batzordea bildu da gaur goizean, udal talde guztiek gertatutakoaren berri izateko, «eta informazio guztia izatean denon artean adosteko zein pauso eman».
Segurtasun Sailak aditzera eman duenez, ertzainei objektuak jaurti dizkiete istiluetan parte hartzen ari zirenek, eta hainbat karga egin behar izan dituzte. Segurtasun Sailak berak jakinarazi du pertsona bat atxilotu dutela, desorden publikoa egotzita. Ikerketa zabalik dago.