Astilleron seigarren eta Pasaian zazpigarren, denboraldia hasteko

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 24a, 00:00

'Maialen' trainerua, Pasaiako estropadan. Argazkia: Jose A. Rodriguez

Itxaropentsu egoteko moduko hasiera eman dio Hernaniko 'Maialen' traineruak ETE Ligari.

Sentsazio onarekin hasi du udarako traineru denboraldia Hernanik. Seigarren eta zazpigarren izan da 'Maialen' trainerua, ETE Ligaren aurreneko bi estropadetan, Astilleron eta Pasaian. Aurrenekoen artean ez sailkatu arren, itxaropentsu egoteko moduko emaitzak.

Izan ere, Hernanik atzetik utzi zituen Portugalete, Isuntza eta Camargo, estreinako estropada horretan, Kantabrian; eta ez zituen urruti izan aurrekoak ere, sei segundu aurretik sailkatu baitzen Deusto. Joaneko luzean ondo aritu ziren hernaniarrak, eta bikain eutsi zioten bueltakoan, kontrario zuzenak nabarmen atzeratuz.

Igandean, berriz, gehiago kosta zitzaien Pasaiako Ikurriñaren lehian, eta aurrea hartu zien Portugaletek, sei segunduko aldearekin. Hala ere, aurrekoak gertu izan zituzten berriro: Kaiku laugarrena eta Deusto bosgarrena, 12 segundura.

Beste bi estropada, datorren asteburuan

ETE Ligak datorren asteburuan izango du segida, beste bi estropadarekin. Larunbatean, Doni­ba­ne Lohizune-Ziburuko Ikurriña izango dute jokoan, arratsaldeko 16:30etan hasita, Donibane Lohizunen. Eta igandean, Bizkaian daukate hitzordua: Portugaleten ariko dira, 11:45etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!