San Joan eguna ospatzeko, Hernaniko Musika Bandak eta Hernaniko txistulariek kontzertu bana eskainiko dute, ohi bezala. Hernaniko Txistulariek eskainiko dute emanaldia aurrena, eguerdiko 12:00etan hasita, Gudarien Plazan; eta 13:15etan, berriz, Hernaniko Musika Bandaren txanda izango da, udaletxeko arkupeetan.
Txistulariek aitortu dute, aurtengoa «berezia» izango dela: «Isidro Ansorena txistulari hernaniarra hil zela 50 urte beteko dira. Hori dela eta, Isidrok utzitako ondarearen erakusle izango den errepertorioa izango du ardatz kontzertuak». Gainera, kontzertuan, Hernanikoekin batera eskualdeko txoko ezberdinetatik etorritako txistulariak ere arituko dira, eta baita Ttarla dantza taldea ere. Gaurko kontzertua Jon Ansorenak zuzenduko du.
Musika Bandak, bere aldetik, Jorge Pachecoren zuzendaritzapean eskainiko du emanaldia, eta aukeratutako errepertorioak estilo eta garai desberdinetako lanak biltzen ditu: «XIX. mendeko zartzuelatik Hollywoodeko zinemaraino, eta tartean euskal sustraietan oinarritutako piezak ere bai».
Musikaz harago, gaurko eguna «seinalatua» dela aitortu du Bandak; izan ere, ondorengo hiru kideek 'agur' esango dute: Zipri Otxandorenak, Juantxo Arzallusek eta Josune Aierbek. «Hurrenez hurren, 50, 40 eta 20 urte baino gehiago egin dituzte taldean, eta ibilbide luze bati amaiera emango diote San Joan egunean. Aipatzekoa da Otxandorena urte askotan izan dela zuzendaria, Manolo Sagarnaren lekukoa hartuta; eta Arzallus, Bandako lehendakaria luzaroan».