Musikak eta dantzak hartuko dute protagonismoa, San Joan egunean

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 24a, 00:00

Txikientzako eta helduentzako ekintza ugari antolatu dira gaurko. Goizetik arratsaldera bitartean, jarduera asko izango dira herriko kaleetan barrena; besteak beste, haurren danborrada, 'Tavole' ikuskizuna, mariatxiak eta zezensuzkoa.

Atzo hasi ziren jaiak ,eta gaur jarraipena izango dute San Joanek, ekintza ugarirekin. Goizean goiz Mendirik Mendi doinuak esnatuko ditu herritarrak, Hernaniko Txistularien eta Hernaniko Musika Bandaren eskutik. Goizeko 11:00etan izango da meza nagusia, eta ordu erdi beranduago emango zaio hasiera txikien danborradari. 

Arratsaldean, etxeko txikiek Zirko Txoskoren 'Tavole' ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute, Urbieta kalean. Zirkua eta umorea uztartzen dituen emanaldi honetan, arriskuak eta emozioak jarriko dira erdigunean, bi pertsonaia xelebre protagonista izanik. 

Horrez gain, urteroko zitari eutsiz, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrak dantza solteko txapelketa ekarriko du herriko plazara, eta beraz, Gipuzkoako dantzarien erakustaldiaz gozatzeko parada izango dute gerturatzen diren herritarrek. Arratsaldeko 18:00etan, musikak hartuko du testigua; izan ere, Afrika Bibangek kontzertua eskainiko du Tilosetan, Amher elkartearen eskutik. 'Euskal presoak etxera' lema duen manifestazioak emango die amaiera arratsaldeko ekintzei, arratsaldeko 19:30etan, Gudarien Plazatik abiatuta.

 'Las Tenampas' mariatxiek ekingo diote gaueko festa errondari, 22:30etan hasita Atsegindegin; eta jarraian, Mirua eta Skabidean taldeen txanda izango da, baina hauek Gudarien Plazan eskainiko dute kontzertua, 23:00etan hasita. 

Ohiko omenaldia, Xalaparta txarangak

Musikari jarraipena emateko asmoarekin, Xalaparta txarangak herriko kaleak hartuko ditu gauean, kalez kale herritarrak dantzan jarriz. Gainera, ohi bezala, Iñaki Apezetxea 'Txatxon' eta txarangako kide izan zirenak omenduko dituzte. Onddi tabernaren parean egingo dute omenaldia, eta besteak beste, 'Gu gira Euskadiko' abestia kantatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!