Kronikak 25 urte

Ezki Zimurrarekin hizketan...

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 23a, 10:57

Beti bezain gogor erantzun du Ezkiak, ahohostorik pe.

25 urte denbora asko da begira egoteko. Horrelaxe pasa du denbora Kronikako kideen ezagun zahar batek: Tilosetako Ezki Zimurrak. San Joanen atarian, bozeramaileari elkarrizketa egin dio berriro Kronikak. 

2000ko elkarrizketa

ZEINEK ote dakizki Hernanin Tilosetako Ezkiek adina sekretu? Kronikak bozeramaileari elkarrizketa egin dio, geldi-egonetik festak nola bizi diren jakiteko.

Zer moduz gara ba?
Zuek bezelaxe, zazpi eguneko mozkorrakin!

Gazteak ondo portatu al dira?
Zoragarri! Dena eman digute. Barru-barrutik maite gaituzte bai. Zuek bai gaztiak!

...Eta ligatu, bate ligatzen al dute?
Akelarre asko; baina gero... Gainera, ez dakit, ez dakit, neri behintzat kondoirik gabe egiten didate. Bai lasai ederrean egin ere, halajainena!

Zer esan dituzte bankuan eseritako bi aitonok?
San Juan bezperaz geroztik ez direla etorri kiratsik sufritu ezinda. Laguna ere badet nik biriketako gaitzak hila!

San Juanak eta gero zer?
Basoak eta zakarrak garbitu zaizkidazue aurrena eta ikusiko det orduan! Nik ere sirope edo zeozer egiten hasi beharko det.

Datorren urtean...
Datorren urtean!? Jai-batzordeak ez badigu omenaldia guri egiten, astebeteko itzalgreba egingo diagu.

 

2025eko elkarrizketa

Duela 25 urte sekretu asko zekizkien, eta are gehiago dakizki orain. 25 urte bete behar izan ditu Kronikak sekula argitaratutako elkarrizketa onena berritzeko. Berandu, baina seguru; Tilosetako Ezki Zimurrarekin aritu gara berriro kontu kontari. Beti bezain gogor topatu dugu, ahohostorik gabe hizketan. 

25 urte pasa dira Kronikak egin zizun elkarrizketatik. Ondo jarraitzen al dezu?
Zutik behintzat bai, eta ez da gutxi! Ikusten det zuek ere bizirik jarraitzen dezuela… Nik baño okerdura gehiago izango dittuzue honezkero! 

‘Zutik’ diozu… Ezin du ba hori esan Urumea Ikastolako eraikin zaharrak…
Egiya da, bai… Gogorra izan zan despedida, baina, egiya esan, paraje earrak geatu zaizkit orain. Gainera, ‘Kulturgune’ izeneko lagun berri bat etorriko omen da laister, hori letu det zuenian… Joxepa ere iritxi zan auzora duela pare bat urte, giro earra izaten degu iluntzeetan.

San Joanen aurretik harrapatu zaitugu, txukun xamar oraindik.
Etzazula pentsa! Gazte alproja hauek asteburura aurreratu dute txosnen irekiera, eta dagoeneko zipriztinduta daukat azpialdea. Ea datozen egunetan inork ez didan botakarik egiten, zapata berriak estreinatzeko asmoa daukat eta!

Badaezpada, nik ez dizut galdetuko ea egungo gazteek ligatzen duten…
Eskerrak, ze saiatu saiatzen dira, baina ez dago martxa haundirik. Sumatu dizut Unai dalako horrek baino galdera hobeak egingo zenizkidala…

25 urte hauetan xeoxe aldatu zaigu Hernani, e!
Bai motel, zentzu askotan gainera! Gauza batzuk asko hobetu dira 2000tik, eta beste batzuetan atzera goazela ematen du. Ikusiko degu Kronikak 50 urte betetzen dituenean zer esan dezakegun.

Jarraitu dituzu Kronikako albisteak urte hauetan?
Bai, bai, letu izan det zuen orrialdia. Ikusi det nola juan zeaten pixkanaka Urumea bailara osua hartzen. Garrantzitsua da hori, inguruko herriak lotzeko ezinbestekua baita tokiko komunikabide bat.  

Eta? Zer iruditzen zaizu egungo Kronika?
Txinparta duten albisteak gustatzen zaizkit neri, grazia pixkatekin idatzitakuak. Azken boladan ari zeate horrelakuak argitaratzen, eutsi horri! Horixe da zaharraren gomendiyoa. Gainontzian, hasierako hirurek egiten zuten bezela, denei beren tartetxoa ematen segi dezue, eta hori ere pozgarriya da. 

Txupinazoa bota behar degula eta, aholkurik ba al dezu guretzat?
Hara! Zuek bota behar al dezue etxaferua? Aholku errex bat emango dizuet ba: ez zaiteztela orduz nahastu!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!