Kronikak 25 urte

Orriyaren urtebetetziari jarriyak

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 23a, 10:45

1. Doberan zeuden ameslariei
egiteagatik kasu
Albistegintzan murgildu ziran
Aritz, Unai ta Irazu
Xumea zena hazi egin da
urtez urte, pausuz pausu
Egunkaria herriarentzat
doan, euskeraz ta ahaltsu
Erokeria zirudienak
mende laurden bat du, aizu!

2. Denen punttua eman beharra
proiektu berri honi ta
Aniztasunak hautsiko zuen
ordura arteko tonika
Apaiz, herritar, politikari
'Don nadie' zein 'Ikonika'
Lehen eskutik zeukaten denek
parte hartzeko gonbita
Herri guztia enteratu zan
bazetorrela Kronika

3. Erreportaje, publizitzate
elkarrizketa ta beste
Eduki denak bost egunetan 
ezin kabitu litezke
Hargatik azkar tematu ziran
ale gehiagoren eske
'Inguru hontan ateratzeko
ba ote dago hainbeste?'
Ba ote dagon? Egunean bi
ere atera daitezke!

4. Hitzaren bidez urratu nahian
beste zenbait bide berri
Bailara baten berezko xarma
ezin ote zen igerri?
Goizuetako periyan salgai
dauzkatela hiru zerri
Astigarragan zein Ereñotzun
edo Aranon zer berri?
Bakarrarekin hasi zen eta
azkenerako bost herri

5. Urumearen bide bazterrak 
herririk herri igaro
Ura aldakor suma liteke
beherago edo gorago
Aldiz bertako berrigintzaren
emana beti oparo
Konparaketan azkenerako
ondorioa argi dago:
Kronikak lotzen dula bailara
ibaiak baino gehiago

6. Gezurrak nola hedatzen diren
interesen gurarian
Adibideak zientoka daude
gure ingurumarian
Tokiko prentsak zintzotasuna
jarri behar du abian
Gezurren aurka egiten baita
errazxeago agian
Jakin ezkero zer gertatzen dan
gure etxe atarian

7. Batek berea atera dadin
baleuka borondatea
Larramendiko bulego grisak
zabalik dauka atea
Gertutasuna baita guretzat
ezinbesteko katea
Herritik jaso ta herriari
pasa dena esatea
Trinkoagoa bihurtu dadin
gure komunitatea

8. Irautearen gakoa zein da?
Sortzen al du jakinmiña?
Kronikak duen indargunea
talde lana da, jakiña
Auzo-elkarteen intentzioa
kirol kluben eragiña
Puntu ta koma bilakatzen da
albiste iturri fiña
Nork bere kasa letua baña
denon artean egiña

9. Zein helburu du bere horretan
gure bailarako prentsak?
Ekarpen asko egin al ditu?
Astindu al ditu ertzak?
Lan egin al du argi zitezen
bertako pasarte beltzak?
Seguru gaude jaso ondoren
pasadizoak ta kexak
Sortu duela izan denaren
ondare txiki bat behintzat

10. Egungo mundu hain aldakorra
jarri da beltzenik beltzen
Eta Kronikak jarraitu nahi du
argitasuna aletzen
Hiltzen utzita urte gutxian
damuz oroitu-ez gaitezen
Zaindu dezagun altxor txiki hau
ahal denik eta artezen
Ikusi arte gure 'orriya'
beste hainbeste betetzen

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!