13 urteko itxaronaldiaren ondoren, eskuzko Herriarteko Txapelketaren finalean izango da Hernani, berriro ere. Joanekoaren antzeko itxura hartu du semifinalen bueltakoak, eta nagusitasunez lortu dute finalerako txartela, Beasain menderatuta: kadete eta jubenil mailako partiduak irabazi dituzte etxekoek, Hernaniko kiroldegiko frontoian, harmailak lepo beteta zeudela.
Itxura paregabea zeukan frontoiak, eta bete-betekoa izan da festa giroa bertan. Berehala bideratu dituzte kontuak, pelotari gazteenek. 22-11 irabazi dute kadete mailako partidua, eta joanekoan lortutako abantailari batuta (2-1 eta 16 tanto alde), matematika kontuak sartu dira jokoan: Hernanik nahikoa zuen beste 18 tanto egitea denera, falta ziren bi partiduetan.
Berdinduta hasi da lehia jubenil mailakoan, baina erdialdetik aurrera beste martxa bat sartu dute Ekhi Osesek eta Oier Azpeitiak, eta 22-13 nagusitu dira azkenean, lau tanto lehenago finalerako txartela matematikoki ziurtatu ondoren. Dena erabakita zegoela, beasaindarrak nagusi izan dira seniorretan, eta porrota jaso dute Xabi Apaolazak eta Josu Altunak. Porrot gozoa, edonola ere.
Gauzak horrela, Oiartzunen kontra jokatuko du Herriartekoaren finala Hernanik, datorren larunbatean, Donostiako Atano III frontoian.