Maialenek ongi hasi du bere ibilbidea aurtengo ETE Ligan. Astilleron jokatu zen atzo lehenengo estropada eta traineru hernaniarrak seigarren amaitu zuen, 11:36ko denborarekin, eta hiru traineru utzi zituen atzetik: Portugalete (11:39), Isuntza (11:45) eta Camarago (12:01). Zarautzek irabazi zuen estropada (10:57), San Juanenen aurretik (11:04).
Gaur estropada Pasai Donibanen, 11:45etan, eta ETBk zuzenean emango du
Hain zuzen gaur Pasai Donibanen izango du jarraipena Ligak. 11:45etan hasiko da bigarren jardunaldia eta ETBk zuzenean eskainiko du estropada. Asier Ocon entrenatzailearen hitzetan erronka polita dauka Maialen traineruak aurtengo udan: «Bederatzi ontzik osatuko dugu Liga, eta norgehiagoka interesgarria izango da. Aurtengo denboraldi hasiera -batel eta trainerillak- oso txukuna egin zuten neskek, eta taldea gogotsu dago traineru Ligari begira. Taldea oso gaztea da, baina, halere, neskak oso animatuta daude».
Liga hasiera ez da erraza izango, lehen bi asteburutan lau estropada jokatuko dituzte. «Halere, lehiaketari neurria eta konfiantza hartzen joan ahala, hau da, esperientzia pilatu orduko , poliki-poliki trainerua azkarrago joango da», azpimarratzen du entrenatzaileak.
Denboraldi amaierako bazkaria bai, baina arraunak ez du etenik
Arraunak ez du atsedenik, eta aurki, Arraun Elkarteak, ekainaren 30etik uztailaren 4ra (10:00etatik 12:30etara), LH6 eta DBHko gazteei zuzenduriko arraun ikastaroa antolatuko du. Joan den igandean, harrobikoen bazkaria izan zen.