Gailendu da gaua

Axi Mendizabal 2025ko eka. 21a, 00:00

I
amaiera
eta hasiera bat
elkartzen diren puntuan
suziri bat,
kurtsoa amaitu da
hasi da uda
zer ote da ospatzen ari garena.
Urteko gau motzena
suak argitzen duena,
eta barne suak argi
iluntasunean azti
datorrenari adi.
Zer ote da ospatzen ari garena


II
baina san juanak hasiak dira
txupinazoa baino lehen,
antolatu ezean
festarik ez dago.
Txosnak iritsi dira
egun batzuk lehenago
eta ez dira
urte osoko lanaren
jarraipena besterik.
Borondatezko lanaren testigu
barraren bi aldeetan
eszenatoki gain zein azpietan
festaren aldarte guztietan.
Ospatzerik bada
ospa dezagun lan nekaezin hori
bada garaia
hona ekarri gaituena
aurrera garamatzana,
gure festarik ez baitago
guk geuk egiten ez badugu
guretzako
zer ospatu behar dugu bestela

 

III
gailendu da gaua
zergatik ote da horren ederra hernaniarra izatea
atera garagardo bat gehiago
biharko eguna argitzen ikusi behar dugu eta!

Baina zer ospatzen ari ote gara
zerbait lortu al dugu
kalera irten gara
edonor gonbidatuko dugu garagardo batera
bitartean San Juan suak ez diren suek
erretzen dute mundua
gose diren palestinarren aurpegiak argitzen
beste aldera begira dagoen munduan,
musikak isiltzen ote du genozidioa
faxismoa eszenatoki gainean
eta jendea txaloka.
Zer egin dezakegu guk

 

IV
gailendu da gaua beste behin
tilosetan harrapatu gaitu
udako ekaitza lehertzera doa
baina berdin zaigu.
Ezerk ez digu festa zapuztuko
gau honek eternala dirudi
garagardo bat, bi, hiru
gaurkoz gure bizitzak distiratsu.
Lanera itzuli behar ote dugu bihar
nor akordatzen da
aske gara egunak argitu arte
baina urteko gau motzena dela esan dugu,
atera garagardo bat gehiago.
Suziri baten gisan desagertzen da askatasuna
sua itzali bezain pronto errealitatea
zer ote da ospatu duguna.

 

V
hasi da festa
ohiko poetikak utzi
gauaren ilunean argitasuna bilatu
eta egin dezagun topa
beste mundu bat ospatzearen alde

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!