Halaxe gogoratzen dituzte Kronikaren aurreneko egunak 2.000 urtean, Dobera Euskara Elkarteak egindako deialdiari erantzunez, herri egunkaria sortzeko erronkari heldu zioten Jexux Mari Irazu, Unai Agirre eta Aritz Zerainek. «Sua zan plazan, eta sua erredakzioan!».
Berez, «lasai» zeuden ekainaren 22ko lehenengo itxiera ofizial hartan. «Lanak eginak». Aurreko hilabeteetan izan baitzituzten zeregin potoloenak: proiektua zehaztu, maketazio eta ediziorako tresnak erabiltzeko ikastaroak egin, herritarrei aurkeztu, inprimaketa eta banaketa sistemak nola egin pentsatu eta antolatu… «Talde guztiekin biltzearen lana. Hernani guztia errekorritu genuen aurretik. Gure lanik handiena hori izan zen», oroitzen dute. «Orain oso beharrezko tresna ikusten da, baina, garai hartan jende asko; baina, zer da hau? Zertarako? Elizara ere joan ginen eta apaizak: eliza ateraz gero, inork ez du periodikoa hartuko!».
Baina, berehala konturatu ziren herritarrak Kronikaren erabilgarritasunaz. «Sarea osatzen ikaragarrizko lana egin genuen ahalik eta talde gehienekin bilduz, baina, behar genuen beraiek etortzea. Hori izan zen ahalegina. Leku guztietara ailegatu eta gero beraiek informazio emaile bihurtzea, Kronikara jotzea beren berri emateko». Eta baita lortu ere. «Hasi orduko konturatu ginen proiektuak arrakasta izango zuela. Demanda handia zegoela. Guk ere sortu genuen. Beharra sortu zen, eta jendeak ere nahi zuen bertan egon».
Ongietorriari txinparta
Lasai zeuden, beraz, San Joan bezpera hartan. Herritarrei aurkezpenak eginda, aurreneko edizioa prest. Proba pilotua ere ona. «Aurrenekoa 0 alea izan zen, San Antonioetan ateratakoa!», azpimarratu du Irazuk. Zer okertu zitekeen, bada?
«Lasai geunden, baina dena aldatu zen. Aurretik egon ziren atxiloketa batzuk eta egun hartan, zorionez, libratu egin zen herriko jende asko. Baina, noski, horrek guri ekartzen zigun lehen egindako dena aldatzea! Gustura egin genuen, baina, justu azken momentuan enteratu ginen. Sartu ez sartu ibili ginen, baina, egunkaria izanda… Orain instagramekin-eta, momentuan dakigu, baina, orduan korapiloa sortu zigun, baina, korapilo ona. Orduan, dago notizia argazki gabe. Aurrena titularra zen Ongi etorri San Juan eta bilakatu zen Ongi etorri San Juan eta gaztiak! Gero milioi bat aldiz pasako ziren horrelakoak, baina, aurreneko alean pasa zen. Izan zen espabilatzeko modua; adi! Hau horrela izango da!».
Nola ez ba! Ero batzuk, Axeri Dantzaren erdian, kamerarekin! «Denak joka eta gu erdian, kamerarekin! Asko laguntzen ziguten eta estimatzen genuen harrera hori. Pistak ematen zizkiguten; hemendik sartu eta handik aterako da!».
Egunkaria, benetakoa
«Festekin erraz egin genuen. Gero, ondorena beti planifikatu behar izaten da. Batik bat, abuztua». Baina, konturatu ziren bazela zer atera. «Hasieran planteatu zen Doberatik bost egunetako egunkaria ateratzea, astelehenetik ostiralera, eta guk esan genuen asteburuak barruan egon behar zuela. Asteazkenetik igandera egiteak asko aldatzen zuen erritmoa eta horri eutsi egiten genioen, baina justu, eta ikusi genuen langile baten beharra».
Orduan hasi zen Eñaut Agirre ere lanean, Kronika sortu eta pare bat urtera. «Horrekin batera ere ikusi genuen bi eguneko etenak asko markatzen zuela. Ez zen egungo erritmoa, gaur egun goizeko notizia gauerako zaharra baita, baina, bi eguneko eten horren ondoren gauza batzuk ateratzeko berandu zen, eta seigarren egunean ateratzen hasi ginen. Baina, trantsizio modura planteatu genuen, lau langilerekin egunerokora pasatzeko».
Egunkari bihurtu eta urteak pasata, handitu egin da Kronika, bai orri kopuruan, bai Urumea bailarara salto egitean, eta, baita, nola ez, lan-taldean ere. Baina, giroa, ez da sobera aldatu. «Egia esan, lan asko egin genuen hasieran, eta orduak, munduan diren denak pasa genituen, eta diskutitu genuen diskutitu genezakeen dena. Giroa ere izaten zen bizi-bizia hor, eta gero, gu ere lagunak ginen eta gero segi ere askotan elkarrekin; hor bukatu eta segi zerbait hartzera eta segi! Oso oroitzapen ona dugu, baina, intentsioa izan zen!».
«Kristoren lujoa»
Denek denetik egiten zuten, baina, Zerain zen, batez ere publizista. «Gogoratzen naiz nola joan zen arraindegi bateko publizitatean izurde bat luze-luze jarrita… Horrelako txapuzaren bat joan zen!».
Berriak merkatari eta ostalari elkartetik zetorrela-eta, ezagutzen zuen sareari tira zioten. «Herriko komertzioa ikaragarri bolkatu zen. Oraindik ikusten ditut orduan kotratatutako publizitateak». «Guretzat interesgarria zen baliagarria izatea, baina, ez zenean ere, euskararen aldea jendeak esfortzu handia egin zuen», diote. «Autofinantzaketa handia zen. Egunerokotasunak eragina zuen. Eskelak, farmazietako informazioa… Kronika indartu zuten, erabilgarri egiten zuten produktua. Orain dena interneten dago, baina orduan ez».
Jasotako laguntzarekin eskertuta daude oso, alor guztietan. «Bulegoan gu hirurok bakarrik izaten ginen. Baina, arratsaldetan zuzentzaileak etortzen ziren, txandaka. Jexux Eizagirre, Xabier Etxeberria, Beñi Agirre… Sare handia sortu zen».
Era berean, «karrora igo» zirela aitortzen dute. «Prentsak bide bat egina zeukan, baina egunerokotasuna berria zen lokalean. Pello Zubiria, Malores Etxeberria, Jexux Eizagirre… Doberako lan-talde horrek izan zuen ikuspegia, astekaria izan beharrean beste apustu bat egin eta erdarazko herri prentsari bidea jateko. Hasierako egoeraren irakurketa talde horrek egin zuen».
Logistika lanekin ere, ezin eskertuago egon. «Urbieta Kopiakek kristoren ahalegina egin zuen. Eta bestea zen, banaketa! Euskaldun prentsa buzoietara heltzen zen, eta egunero ezin zen egin. Eta erronka zen: jendeak nahi duelako hartu dezala. Etxera iristen direnak ez dakizu letzen diren. Kronika hartu egin behar du herritarrak. Erronka zen, baina, indargune bihurtu zen».
Hori hala bihurtzeko lagun izan zituzten Urbieta Kopiak eta Pana. «Urbietak-ek egin zuen lana! Eta Pana zenak bere banaketa sisteman sartu zuen Kronika. Joxe Mari Aristimuño. Lan handia egin zuen. Horiek gabe ez genuen egingo».
Baina, egin egin zuten. «CD bat eramaten genuen egunero Urbietak-era. Ordua genuen 22:00ak aldera, baina, itxoiten zigun. Pazientzia handia zeukan. Berak inprimatu eta Panak Oarso kalean zuen lokalera eramaten zuen, eta gero Panak banatu, sistema guztian zehar. Lan asko egin zuen jendeak proiektuaren alde. Eta gero, banatu zuten guztiek. Jende askok lagun zuen sare horretan, funtzionatu zezan: kiosko, okindegi… Kristoren lujoa izan genuen. Baita Jon Garmendiarekin ere! Kronikako bulegoaren ondoan orduan IMI zegoen, egungo KZ Gunearen estiloko informatika bulegoa. Hura bihurtu zen gure informatiko pertsonala, udaletxetik. Zenbat lagundu zuen! Asko zor diogu. Montaje guztian lagundu zigun. JonGar gizajua!».
Eztanda
25 urteren ondoren, badatoz berriro San Joanak, eta orduko su biziari bizirik eutsi diotenek piztutako suziriarekin egingo du eztanda festak. Eguneroko zurrunbiloan, bezperan oraindik lanik ez dute falta, baina, ohitu dira horretara, eta bestelako suak pizten dira bulegoan. Zapi zuri-arrosa eraman behar dela, berdea CD Hernanirena dela, ezetz eta baietz batzuk. Anne Arbelaitz eta Iñigo Goñi igoko dira udaletxeko balkoira txupinazoa botatzera. «Hau orain bizi ere ez da Hernanin bizi eta!», hasi dira katramilatzen. «Txirrita bertsolaria bezala, Hernanin jaio eta Altzan bizi!».
Maddalen Adarraga eta Anne Arbelaitz administrazioan; Mikel Ramirez de Alda eta Iraia Santa Kruz publizitatean; eta Olatz Egaña, Beñat Los Arcos, Iñigo Goñi, Andoni Rekondo eta Libe Murua kazetari. Eta Ander Goikoetxea eta Jon Zubitur inprimatzen. Horietxek osatzen dute lan-taldea egun. Gazteenak, 25 urte ditu. Beteranoenak… «Aita-semeak ote garen ere bota digute…». Eztanda barre algarek egin dute. «Hori ez ezazula jarri!». Hasi da festa! Alde egin digu suziriak!