Hernaniko Udalak eta Garbitaniak salatu dutenez, «eraso arrazista» jasan zuen udal zerbitzuetako langile batek, joan den asteburuan: «Kalean lanean ari zela, eraso arrazista jasan zuen, eta inguruan zeuden herritar batzuek ekidin zuten gertaera larriagoa izatea. Horregatik, erasotutako langileari gure elkartasuna adierazi nahi diogu, eta aldi berean, eskerrak eman nahi dizkiegu langilea babestu zuten herritarrei».
Nabarmendu dute, gainera, jakitun direla «herriko hainbat esparrutan mezu xenofobo eta arrazistak hedatu direla. Mezu horiek gorrotoaren diskurtsoa elikatzen dute, eta ez dira onargarriak. Herritar eta erakunde guztion ardura da edozein kolektibo kriminalizatzeko arriskuari aurre egitea».
Kontzentrazioa gaur arratsaldean, Zinkoenean
Gainera, herriko hainbat eragilek kontzentrazioa deitu dute gaur arratsalderako, erasoa gaitzetsi eta horrelako jarrerei aurre egiteko. Zinkoenean izango da, 19:00etan hasita. Deialdiarekin bat egin dute Hernaniko Udalak eta Garbitaniak, eta kontzentrazioan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei.
Era berean, Hernaniko Udalak jakinarazi du segida emango diola «egoera hauek kudeatzeko abiatutako bideari», eta indartu ere egingo duela, eragileekin, bizilagunekin eta beste erakundeekin elkarlanean.