Aurtengo San Joanetarako ere Argazki Lehiaketa antolatu du Kronikak. Festetako bost egunetan dauden jarduerek argazki ederrak ateratzeko aukera ahalbidetzen dute, eta asko dira, kamera eskuartean dutela, plano politenen bila aritzen direnak. Herriko argazkilari horiek bi sari lortzeko aukera izango dute lehiaketaren 16. edizioan: Kronikakide Saria eta Herritarren Saria.
KRONIKAKIDE SARIA
Lehenengo saria Kronikakide diren argazkilarien artean emango da. Irabazleak Albaola Itsas Kultur Faktoria bisitatzeko bi sarrera, Arrauning saioa egiteko bi bono bikoitz eta sagardo kaxa bat eskuratuko ditu.
HERRITARREN SARIA
Bigarren saria herritarren arteko bozketarekin banatuko da. Kasu honetan, garaileak Albaola Itsas Kultur Faktoria bisitatzeko bi sarrera, Arrauning saioa egiteko bi bono bikoitz eta urtebeteko Kronikakide izaera jasoko ditu.
Herritarren saria erabakitzeko bozketa ekainaren 30ean jarriko da martxan kronika@kronika.eus webgunean, eta uztailaren 3ra arte izango da bozkatzeko aukera.
Parte hartzeko baldintzak
Lehiaketako baldintzei dagokienez, partaide bakoitzak gehienez 5 argazki bidali ahal izango ditu. Ekainaren 23an zabalduko da bidaltzeko epea, eta igandera arte, ekainaren 29ra arte, mantenduko da zabalik. Argazkiak formatu digitalean aurkeztu behar dira, eta bi aukera daude parte hartzeko: kronika@kronika.eus helbide elektronikora bidalita, edo Kronikaren bulegora eramanda (Larramendi kalea, 11). Argazkiak aurkeztearekin batera, egilearen izen abizenak eta kontakturako telefonoa aurkeztu beharko dira; argazkilaria adin txikikoa den kasuetan, adina ere zehaztu beharko da, gainontzeko datuekin batera.
Irabazleen izen abizenak eta argazkiak uztailaren 4ko kronikan argitaratuko dira. k