«Jai gozagarriak eta seguruak» izateko, Hernanin urteak daramazkite indarkeria matxistaren eta arrazistaren gaia lantzen, eta urratsak eman dituzte dagoeneko «bai mugimendu antiarrazistatik eta feministatik, eta baita Udaletik ere». Eta aurten beste urrats bat eman nahi dute, «indarkeriarik gabeko jaien alde».
Hau guztia aurkezteko bildu ziren Mugimendu Feminista, Amher, Txosna batzordea, tabernariak eta Udala, eta ondorengoa izan da haien aldarrikapena: «jaiak denontzako gozagarriak eta seguruak izatea nahi dugu. Izan ere, jai eremu eta egunetan intentsitate ezberdinetako erasoak sarriago gertatzen dira; hala nola, irainak, ukituak, erasoa fisikoak, bortxaketak... Ozen eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula onartuko jaiak erasotzaileen eta diskriminatzaileen aterpe bilakatzerik, kontsumo ezberdinen justifikazio eta aitzakipean».
Aurten, erasoen prebentzio eta erantzunerako prestatu dituzte zenbait baliabide eta zerbitzu. Alde batetik, indarkeria sexistarik gabeko informazio gunea jarriko dute Tilosetan. Gune honen helburua da herritarrak indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea. Gune hau egongo da ekainaren 23an eta ekainaren 25ean, arratsaldeko 18:00etatik gaueko 22:00etara.
Eta bestetik, erasoen arretarako telefono (688 685 164) espezifiko bat jarriko dute martxan jaiak irauten duten bitartean, 24 orduz. Telefono zenbaki hau, Emagin elkartekoek kudeatuko dut, eta helburua honakoa izango dela aurreratu dute: «gertatzen diren erasoak jasotzea eta laguntza telefonikoa behar den kasuetan arreta ematea erasotuari. Hori ikuspegi feministaz egitea garrantzitsua da: alegia, ikuspegi ahalduntzailea izatea, ez berbiktimizatzailea». Telefono zerbitzua gaurtik egongo da martxan, arratsaldeko 18:00etatik goizeko 08:00ak arte, eta ondoren, ekainaren 23ko arratsaldeko 18:00etan jarriko da berriro martxan, ekainaren 28ko goizeko 08:00ak arte, hain zuzen. k