«Egungo gizarteak oso lotura murritza dauka lurrarekin»

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 21a, 00:00

Loli Izagirre, Koro Izagirre eta Puri Zubillaga aterako dira etzi udaletxeko balkoira.

Ekainaren 23an 25. aldiz egingo dute Kantaita San Joan suaren inguruan. Urteurren borobila ospatzeko, txupinazoa botatzeko ardura izango dute Loli Izagirre, Koro Izagirre eta Puri Zubillaga Kantaitako kideek. Herritarrei «parte hartzeko eta gozatzeko» deia egin diete.

 

Bi egun besterik ez dira geratzen San Joanak hasteko. Gogotsu harrapatzen zaituztegu?

Bai, noski. Gogotsu gaude. San Joanak beti izaten dira bereziak; juxtu hirurok gara Kale Nagusian bertan jaiotakoak, eta beti hartu izan ditugu gustura. Herriko festak dira, urtean behin besterik ez dira ospatzen, giro ederra izaten da... Aurten txupinazoa botatzea dagokigu, baina horregatik ez dira bereziagoak izango, beti direlako politak. Adinean aurrera goaz, baina momentuz ez daukagu inora alde egiteko gogorik. Batzuentzat zarata dena guretzat saltsa da oraindik.

Ekainaren 23a ohi baino potenteagoa izango da zuentzat. Eguerdian txupinazoa eta iluntzean Kantaita.

Egun luzea izango da, bai. Baina gure asmoa berbera da: gozatzea. Taldeko kide batzuentzat lehenengo aldia izango da txupinazoan, aurreko urteetan lanagatik ezin izan dugulako bertan egon. Egia esan, lotsa puntu bat ere ematen digu balkoira atera beharrak.

 

Kantaitaren 25. edizioa izango da aurtengoa. Nolatan iritsi zen ideia Hernanira? 

Ramón García jostunaren bitartez iritsi zen Hernanira. Errenterian dantza talde bat dute, eta euren bitartez hasi zen guztia forma hartzen. 2001ean Kronikan argitaratu zuten ea baten bat animatuko zen Kantaitan parte hartzera, eta halaxe animatu ginen gu ere.

 

Jarduera berezia da, sinbolismo haundikoa.

Atentzioa ematen duten zenbait osagai ditu. Kanta berezia da, ikasteko oso zaila eta korapilatsua. Janzkera ere duela 500 urtekoa da, eta deigarria da eszena guztia. Lehenengo urtean emakumeek parte hartzeko deia egin zuten, plazaren erdian gure lekua aldarrikatzeko deia, eta horrexegatik eman genuen pausoa.

Askotan errepikatu izan digute kutsu elizkoia duela Kantaitak, baina gu ez gaitu monja rolean sentiarazten. Emakumeak elkartzeko gune bat irudikatzen du, eta libre sentitzen gara bertan. Garai batean Leokan elkartzen ziren modura, plaza erdian egiten dugu guk aldarrikapen hori.

 

San Joan suaren inguruan elkartuko dira etzi Kantaitako kideak.

 

 

Aipatu duzuen letra korapilatsu horrek lurrari egiten dio erreferentzia, ezta?

Hori da. Letrak dio udara badatorrela eta uzta jasotzeko deia egiten du. Urdiainen egiten zuten hori, duela 500 urte inguru. Egia da ez dela letra erraza, eta zentzua harrapatzeko ondo irakurri behar dela. Guk ere hasieran komeriak izan genituen ikasteko; kaseta grabatu eta behin eta berriro entzuten genuen gure etxeetan. Honezkero gure seme alabek ere buruz jakingo dute letra osoa.

 

2001ean egin zenuten Kantaita lehenengo aldiz. Asko aldatu dira gauzak ordutik?

Janzkera da gehien aldatu dena. Lehen ez genuen dirurik, eta bakoitzak bere gona erosi behar izan zuen. Goiko partea, aldiz, ahal genuen modura osatu genuen, norberak etxean zuenarekin. Gerora, San Joan Konpartsaren barnean joanda, laguntzak jaso ditugu Kantaita egiteko ere. Horren bidez joan gara pixkanaka arropak erosten.

 

 

«Egun luzea izango da guretzat, baina helburua ez da aldatzen; gozatu egin nahi dugu. Lotsa pixka bat ere ematen digu txupinazoan balkoira artera beharrak, baina tira...»

 

Hortaz, pausoz pauso joan zarete duela 500 urteko janzkera horretara gerturatzen.

Hori da. Ramonek kontrolatzen du hori. Jantziak berak prestatzen ditu eta ondo daki garaiko estetika zein zen. Hori bai, nabarmena da jantzi horiek ez zituela edonork jantziko, aberatsen arropa izango zen. Ospakizun bat zen eurentzat ere, eta jantzi bereziak prestatzen zituzten.  

 

Bide luze xamarra osatu du dagoeneko Kantaitak, baina gisa honetako ohiturak galtzen ari dira pixkanaka...

Pena haundia da. Iruditzen zaigu jendeak ez diola garrantzirik ematen, ez duela baloratzen. Egia esan, ez da batere lan erraza horrelako ohiturei eustea. Gizartea ere aldatzen doa, eta oraintxe bertan oso kontaktu murritza daukagu lurrarekin.

 

Eta? Etorkizunik ikusten diozue?

Zaila da. Jendea topatzeko ere zailtasunak izaten ditugu. Badira urte bakarrean animatzen diren pertsonak, baina gero ez dutenak jarraitzen. Taldea asko aldatu da hasi ginenetik hona. Batzuei lotsa ematen die jendez betetako plazara ateratzeak... Gauza asko elkartzen dira, eta ez da erraza transmisioa gauzatzea. Pena haundia ematen digu, baina ikusten dugu ez dela gehiegi baloratzen.

 

«Pena haundia ematen digu ikusteak jendeak ez diola garrantzirik ematen, ez duela baloratzen. Gizartea asko aldatu da, eta ez da lan erraza horrelako ohiturei eustea»

 

Kantaitan parte hartzeko zer egin behar da? 

Nahikoa da gutako edonorekin harremanetan jartzea. Hasieran emakumeei bakarrik egiten genien parte hartzeko deia, baina orain edonork hartu dezake parte Kantaitan. Udako solstizio egunez lurrari egiten diogu deia, eta pertsona orok du lotura horrekin. Polita da horrelako eskertza bat irudikatzea herriko plazan.

 

Ze mezu helarazi nahi diezue hernaniarrei?

Jendeari parte hartzeko eta gozatzeko esan nahi diogu. Ez bakarrik ikusle gisa, eragileak ere behar dira jaietan. Horretarako dira San Joanak!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!