Urumea Ikastolak bi proiektu jarri ditu martxan: «Gaur egungo bizimodu azkarrean sarritan ahazten dugu gure janariaren jatorria, eta naturarekin genuen harreman estua galduz doala sentitzen dugu», azaldu du. Eta horri aurre egiteko jarri ditu martxan proiektuak, hain juxtu: bat Hernaniko Lanbide Heziketako ikasleekin, eta bestea Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaharren Egoitzarekin.
Urumea Ikastolako Haur Hezkuntzako (HH5) eta Lehen Hezkuntzako (LH5) ikasleak proiektu partekatu batean aritu dira Hernaniko Lanbide Heziketako ikasleekin: baratza-bankalak sortzen eta zaintzen. «Lanbide Heziketako ikasleek, gure ikastolaren beharrak kontuan hartuta, bi bankal diseinatu eta eraiki dituzte txikienentzat. Ikastolako haurrek, berriz, bankal horietan landatuko dutenaz eta haiek zaintzeaz arduratuko dira», azaldu dute.
Elkarlan honek bestelako balioak ere jorratu ditu: gertutasuna, zaintza, elkar ulertzea eta, batez ere, erreferentzialtasun positiboa. «Lanbide heziketak gure herriko gazteei zabaldutako eskaintza, eta bertako ikasleek lanean eta konprometituta ikustea, eredugarria eta inspiratzailea izan da gure ikasleentzat», nabarmendu dute.
«Oso esperientzia aberasagarriak izan dira»
Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek (LH3), berriz, Zaharren Egoitzako egoiliarrekin bateragauzatu dute eskola baratza proiektua, lankidetza eta belaunaldien arteko harremana oinarri hartuta. Proiektuaren baitan, ikasleek hainbat landare eta lore landatu dituzte egoitzako terrazan, espazioa kolorez eta biziz betez. Ekintza honen helburua izan da naturarekiko harremana sendotzea eta bizikidetza sustatzea, bai ikasleen eta bai egoiliarren aldetik.
Esperientzia hau oso aberasgarria izan da partehartzaile guztientzat: ikasleek naturarekin harremanean aritzeko aukera izan dute, eta aldi berean, adinekoekin harreman estua sortu dute. Egoiliarrek, berriz, gaztetxoen bizitasuna eta energia gertu sentitu dituzte, euren jakinduria eta bizipenak partekatzeko aukera izanik.
Proiektu hauek kokatzen dira 2023-2024 ikasturtean hasitako patioaren eraldaketa partehartzailearen testuinguruan. Ikasleek euren ahotik argi utzi zuten natura gehiago nahi zutela ikastolako espazioetan: zuhaitzak, berdeguneak, loreak eta baratza. «Haien ahotsari entzunez eta herriko instituzioen arteko elkarlana baliatuz, ametsa errealitate bihurtu dugu. Horrelako ekimenek komunitatearen sare soziala indartzen dute, eta belaunaldien arteko zubiak eraikitzen dituzte, hezkuntza gelatik harago doala erakutsiz.
Urumea Ikastolatik eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu hauek posible egin dituzten pertsona guztiei, haien inplikazio eta lankidetzagatik».