Kiroldegiko gimnasioa eraldatuko dute datorren astean, makina berriak jarri eta mantentze-lan egokiagoak bermatzeko. 61 makina berri jarri, materialez hornitu eta lurzoru eremua haundituko dute, muskulazio makinen eremua haunditzeko eta gune funtzional berri bat sortzeko, belar artifizialarekin.
Aldaketa hauek egiteko, baliatuko dute kiroldegiko mantenu lanetarako urtero egiten den itxiera teknikoaren astea (ekainaren 23tik 27ra). Hartara, eraldaketak ez die eragingo erabiltzaileei. Udaleko Jarduera Fisiko eta Kirol sailak kiroldegiko gimnasioko erabiltzaileekin egindako elkarlanaren ondorio da eraberritze hau, Udalak nabarmendu duenez.
Ekainaren 28tik aurrera, beraz, kiroldegiko gimnasioak hiru eremu izango ditu: indarra pisu librearekin lantzeko eremua (20 makina berrirekin), indar makina gidatuena (14 makina berrirekin), eta kardioko eremua (27 makina berrirekin).
Udalak 266.000 euro bideratuko ditu gimnasioa eraberritu eta zerbitzua hobetzeko: 240.000 euro makinetan, 11.000 euro lurzorua egokitzen, eta 15.000 euro material berriz hornitzen.