Ikasurte hasieran, urrian, Hernaniko ikastetxeek batuta Gu Geok plataforma jarri zuten martxan, euskeraren eta euskal kulturaren transmisioak izan duen moteltzearekin kezkatuta. Ikasurte amaieran lehendabiziko urtearen balantzea egin nahi izan dute. Hori horrela, dekalogo batean bildu zituzten herriak eta bertako hezkuntzak eman beharreko jauzien gakoak, eskola guztietatik euskeraren erabilera azkartzeko xedeari erantzuteko. «Euskera erdigunean jarri nahi izan dugu, euskera eta euskal kultura modu egokian bultzatzeko, une oro egiten ditugun ekintza guztietan».
Ikastetxe bakoitzak bere lanketa egin du
Ikastetxe bakoitzak bere ibilbidea egin du, bakoitzaren ezaugarriak eta erritmoak kontuan hartuta. Elizatxon esaterako herri mailan burutzen diren ekintza kultural eta ohiturak landu dira gaurkotasuna emanez. Korrika, Euskaraldia, Santa Ageda eguna, Gabonak... ospatzen dituzte. «Euskaraokea burutu dugu kantu berriak barneratzen joateko. Honekin batera euskal idazleak ikastetxera ekarri ditugu LH 4, 5 eta 6 mailetan, bai eta euskal emakume eta gizon esanguratsuen biografiak osatu LH6 mailan gustoko euskal erreferenteak topa ditzaten».
Ikastetxe guztietan bezala UEMArekin ikastaro ezberdinak burutu dituzte irakasleek, unean uneko egoera aztertu eta aurrera begira jarduerak berriak diseinatzeko eta martxan jartzeko helburuarekin, ikaslegoaren prestakuntza gaurkotua egon dadin.
Langile ikastolan formazioak ere jaso dituzte. «Hernaniko datuek zer pentsatu eragin digute. Honen ondorioz LH5 eta LH6ko ikasleekin euskera arloan eta tutoretzan datuak aztertu dira. Ikasleek beraien jardunaren inguruko hausnarketak egin dituzte eta konpromezu batzuk hartu dituzte; euskera hain eskura ez daukaten ikasleengana euskera gerturatzeko denbora librean, kalean, jolasean ari direnean ere». Euskal kantuen playlist-a egina eta eguneratua dute, ikastolan egiten diren festa eta ekintzetan erabiltzeko. Musikaz blai izenpean, euskal musika hutsen koreografiak lantzen dira eta LHko ikasleak gaur egungo euskal talde eta kantariekin harreman zuzena dute, erreferente euskaldunen bilduma osatzen ari direlarik.
Aratz ikastolan, «euskal nazioaren, lurraldetasunaren eta euskeraren inguruan ardaztutako nazio proiektuan kokatzen dira bai gure Hezkuntza Marko orokorra, eta baita gure Hizkuntza proiektua ere». Horren adibide dira esaterako ikasleekin erabiltzen duten materiala, euskal lurraldetasuna ordezkatzen duten ikastolen jaialdi guztien presentzia eta parte-hartze zuzena, eskola orduak amaitzen direnean familiekin eta herriarentzat aipatutako helburuak dituzten ekimenekin jarraitzea eta ikastoletan erabiltzen dugun logoa Euskal Herri osoko mapa irudikatuz.
Urumea ikastolan hizkuntz proiektua berritu dute ikasturte honetan eta bide horretan, «gure komunitatearen diagnostikoa egin dugu eta familia partaidetza oso ona izan da. Hortik beharrezko estrategiak eta ekintzak zehaztu ditugu proiektu horretan. Besteak beste, ikasleek euskal musikaren inguruan duten ezagutza zabaltzeko asmoz, hamabostean behin, euskal kanta bat proposatu da eta gelan ekintzak egin dira. Izan abestia entzun, karaoke moduan landu, idatziz jaso, koreografia bat egin...». Familak ere gonbidatu dituzte hainbat geletara sortutako proiektuak, lanak, erakusketak, jolasak... partekatzeko. Euskera hutsean egin dira eta lehen hitza euskeraz egitera bultzatu dituzte familiak.
Txirritan euskera eta euskal kultura izaten ditu oinarri ikasleekin lantzeko sortzen den materialak. Sagardoa eta bere jatorria landu dituzte aurten. «Beharrezkoak diren tresna eta makinen maketan egin ditugu eta ondoren gurasoei aurkezpena egin diegu. Ikasturte bukaerako jaialdian sagarra, baserria eta euskal folklorea izan da ardatz».
Haurreskolan ostiralero, hezitzaile ezberdin batek, euskal musikari edo talde bat aukeratzen du eta «goizean zehar musika jartzen dugu sarreran. Bertan, zer entzuten ari garen jartzen dugu eta entzuten ari garenarui buruz informazio laburra idazten dugu. Emakumeen presentzia ziurtatzen da, baita estilo ezberdinak izatea eta euskal lurralde guztietakoak izatea».
Hernaniko Institutua haundia da, 800 ikasletik gora daude eta 110 bat irakasle. «Gure hasierako erronka antolaketa izan da. «Erronka nagusiena kontzientziatzea, antolatzea eta sistematizatzea da. Dagoeneko egiten diren hainbat proiektu jasota utzi ditugu jarraipena izan dezaten. Batxilergoan euskera arloan euskal errefrenteak ikastetxera hurbiltzen dira eta Hernani Burujabeko eredua kontuan hartuta euskera, Euskal herria eta Burujabetasunaren gaia uztartzen ditu plangintzak».
Euskal Herriko maparen panela bertsoarekin
Egin dena guztiz positiboa izan denez aurrera jarraitzea erabaki dute. «Egunez egun hautamen ditugun beharrei aurre egiteko asmoarekin eta euskera eta gure kultura erdigunean ipiniz. Zorionez Hernaniko ikastetxe guztiek euskeraren erabilera bermatzen dute eta hori horrela izaten jarrai dezan lanean jardungo dugu».
Gainera ikastetxe bakoitzean Euskal Herriko maparen panela bat ipiniko dute eta bertan bertsoa txertatu dute.