Agintaldiaren bigarren urteurrena bete berritan, Hernaniko udal gobernuak agindutako 135 neurrietatik 115 beteta edo betetzeko bidean daude. Guztiz betetzat jotzen dira 52 neurri (%38,5) eta betetze bidean beste 63 (%46,5). Beraz, betetzen hasi gabe neurrien %15 bakarrik daude, 20 hain zuzen ere. Agindutakoari jarraipen zuzena egiteko egokitutako sistema bat sortu du gobernu taldeak, eta azterketa eginda ondorioztatu du betetze maila bide onean doala. Jarraipen horren bidez, neurri bakoitzaren betetze-maila, erritmoa eta zailtasunak identifikatu daitezke, baita burutzea ezinezkoa balitz, azalpenak eman ere.
Xabier Lertxundi alkateak «balorazio positiboa» egin zuen agerraldian orain arte egindakoaz. «Bi urte izango dira Udala osatu eta gobernu-ardura hartu genuenetik. 2023ko hauteskundeetan herritarren gehiengo batek politika aurrerakoien aldeko bozka eman zuen eta konpromisoa hartu genuen ildo horretan lanean aritzeko: herritarren eskubideak bermatzeko eta Hernani hobe bat egiteko. Akordio politikoetara iristeko konpromisoa eta zintzotasunez eta gardentasunez aritzeko konpromisoa hartu genituen. Bi urte pasa diren honetan, bide onean goazela esan dezakegu».
Gero, programari erreferentzia eginez, hauxe gehitu zuen: «Esan genuen ditugun zerbitzuei eusteko eta hobetzeko legegintzaldia izango zela, eta hori betetzen ari gara; baina, aldi berean, esan genuen ere inbertsio haundien legegintzaldi bat ere izango zela, azken urteetan espero genituen hainbat obra haundi martxan jartzeko garaia zela. Eta horiei dagokienez, esan dezakegu abiatu ditugula, azken urteotan blokeatuta egon diren zenbait kontu askatu egin ditugulako».
Horien paradigma dira, esate baterako, Hernaniko kultur ekipamendu berria, eta Florida O8 hirigintza garapen berria. Lehenengoari dagokionez, oso apustu garrantzitsua da, udalak azken urte luzeetan egindako inbertsiorik haundiena delako. Ekipamendu horren bidez, Hernanik kultur ikuskizun eta sorkuntzarako askoz ere baliabide egokiagoak izateaz gain, Lizeaga-Elkano inguru hori dena berritu eta txukundu egingo da.
Ez aurrera eta ez atzera egon da orain arte Florida 08ko garapena ere, eta martxan da dagoeneko. Aurten bertan lehenengo eraikuntzak lanak hastea espero da, eta udala negoziatzen ari da Etorlur (lurren jabe eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren sozietatea) eta Visesa (Eusko Jaurlaritzako etxebizitza sozietatea) hernaniarrek ahalik eta onura gehien izan dezaten proiektu horren bidez. Hala esplikatu zuen Ainara Atorrasagasti Ingurumen eta Etxebizitza zinegotziak. «Proiektu hori oso garrantzitsua da, etxe guztiak babes publikokoak direlako, eta horrek aukera emango die hernaniarrei prezio mugatua duten etxe horietara sartzeko. Gainera, hirigintza mailan Florida erdialdearekin gerturatuko du, eta lehengoratuko du degradatua dagoen gune hori».
Zerbitzuak eustea helburu
Obra haundiei ekitea da, beraz, agintaldi honetako ezaugarri bat, baina ez bakarra. Izan ere, Hernaniko Udalak duen zerbitzu sistema indartsuari eusten eta hobetzen jarraitzeko urteak ere izango dira. Modu horretan, adibidez, hautatu gabeko bakardadean diren adinekoen Auzozaintza zerbitzua herri osora zabaltzen ari da poliki-poliki (oraingoz herriaren iparraldea bakarrik falta da hedapen osoa izateko), eta gazteentzako psikologia aholkularitza zerbitzu berria martxan jarri da. Bi zerbitzu horiek arrakasta haundia izan dute zein bere alorrean, eta horiei gehitu behar zaie Kulturarteko Plaza Feministak eta Zerbitzu Sozialek dituzten beste hamaika zerbitzu. «Hori egiten saiatzen ari gara, herritarrei aukera berdintasuna ematen. Erakunde publikoek, gure ustez, helburu hori eduki behar dutelako. Egoera zailenean edo zaurgarrienean daudenei zuzendutako zerbitzuak garatu behar dira, eurek gizarte honetan aukera berdintasuna eduki dezaten. Hori da gure lan egiteko gakoetako bat», esplikatu zuen Itsaso Lekuona Berdintasun zinegotziak.
Auzozaintza, esate baterako, Hernani Burujaberen plangintza nagusietako bat da, eta esparru horretan ari dira garatzen trantsizio ekologikoari dagozkion neurriak ere, esate baterako, udal estalkiak plaka fotovoltaikoz betetzeko hartutako konpromisoa. Horretarako sinatu du udalak Enherkom energia komunitatearekin hitzarmen bat, 13 udal teilatutan plakak jarri, konektatu eta kudeatzeko. Hernani Burujaben udalak ez ezik, herritarrek eta sare kooperatibo-ekonomikoak martxan jarri dituzte hamaika proiektu. Horren garrantzia nabarmendu zuen Itsaso Lekuonak: «Herritarren eta erakundeen artean distantzia handitu da, eta ardura bat badugu horri bueltam emateko. Eta ez herritarren iritzia lau urtean behin bakarrik aintzat hartzeko, baizik eta eguneroko lanean, herritarrekin batera eraikitzen joateko. Gu ari gara erronka estrategikoetako
planifikazioak aurrera eramaten herritar eta eragileekin batera. Eta hori bada modu berritzailea lan egiteko».
Etxez etxe banatuko da aldizkari bat
Hurrengo egunetan etxez etxe zabalduko du aldizkari bat, Gobernu programaren neurri guztien inguruko egoera aztertuz, eta batez ere, programan dauden neurri garrantzitsuenen egoeran ñabardura jarriz. Herritarrei unean uneko informazioa helarazteko jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen Lertxundik.