Ave Mariako urmaela berreskuratzeko lana amaitu berri dute Hernaniko ikastetxeetako ikasleek. Apirilean zoritxarrez, karpak agertu ziren -ziurrenik norbaitek intentzio onez bota zituenak- baina ondorioak larriak izan ziren. Horiek bertako ekosistema guztiz aldatu zuten eta bertatik atera behar izan dira urmaela berreskuratzeko.
Azaroan eman zituzten urmaela egiteko lehen urratsak Hernaniko ikastetxeen tailerrekin, eta ondoren, auzolanean egindako lanari esker, urmael txiki bat sortu zuten Ave Marian. Urumea, Langile, Aratz eta Elizatxoko ikasleek azaltzen dutenez, «zulo bat egin zen eta hiru kapa jarri ziren ura ez filtratzeko. Harriak eta lokatza garbitu eta euriarekin bete zen zuloa, urmaela sortuz».
«Urmaela ez da edonolako apaingarri bat: ekosistema txiki eta delikatu bat martxan jartzeko aukera zen, eta horrelaxe izan zen. Berehala agertu ziren bizitzaren lehen seinaleak: zapaburuak, sorginorratzak, intsektuak... Bizitza isil baina oparoa, naturak bere kabuz dakarrena», nabarmentzen dute.
Martxoa edo apirila inguruan arrain gorriak agertu ziren. Gizakiaren esku-hartze kaltegarriaren eraginez zapaburuak desagertu ziren, intsektuak gutxitu, eta sortzen ari zen bizitza hori guztia eten zen. Gainera, arrainak (arrain gorriak) ugaldu zirenez, urmaela hustu behar izan zen berriz ere hutsetik hasteko. «Tamalez, zegoen ekosistema suntsitu zen. Espezie inbaditzaileak agertu ziren. Hasieran lau karpa heldu bota zituzten eta gero hauek ugaldu eta 200 karpin atera behar izan ditugu. Baita bertara beren kabuz iritsitako 60 uhandre heldu eta 50 uhandre gazte», penatuta aipatzen dute ikasleek. Hori bi hilabete eskasetan.
Pasa den astean ikasleak urmaelera bueltatu ziren karpa arraiak eta uhandreak kentzera. Txandaka aritu ziren ikastola bakoitzeko ikasleak: «Ontzi haundietan sartu genituen eta beste bizileku batzuetara eraman genituen». Hori guztia kontu haundiz egin zuten. «Garrantzitsua baita esku larruekin egitea bertako ekosistema ez kutsatzeko».
Urmaela hustu behar izan dutenez, espezie ez inbaditzaileak ere atera dituzte Ave Mariatik (uhandreak, esaterako), baina euri urarekin berriro betetzen denean bertara itzularaziko dituzte.
Panel informatiboak jarriko dira jendeak espezieak bota ez ditzan
Bertatik ura ere kendu zuten, nahiz eta asteburuko euriekin berriz ere nahiko beteta egon. Berriz ere berdina gertatu ez dadin informazio panelak jarriko dituzte, jendeak «arraiak eta dortokak bertara bota ez ditzaten. Ez da animaliarik bertan utzi behar. Bakarrik joango dira. Kartelak jarriko dira jendeak jakin dezan ez dela espezierik bertara bota behar».
Hernaniko ikastetxeetako ikasleek asko ikasi dute prozesu guzti honetan. «Oso gustora aritu ginen azaroan ekosistema berria sortzen eta orain ere bai, berreskuratzeko lanetan. Baina amorrua ere sortu zigun egoerak. Espezie inbaditzaileak ikustea, jakinda jendeak bota dituela, ez da nahi duguna. Egin genuen lan guztia urtebete atzeratu da. Prozesu guztia berriz hasi behar da».
Helburua argia da: naturari bere tokia itzultzea eta herritarrok gozatzeko espazio bizi eta atsegina sortzea. Urmaelak bere prozesu naturala biziko du. Lehorteekin hustuko da, euriekin bete eta prozesu horretan ekosistema propioa garatuko du.
Martxoan interbentzioak egin ziren Santa Barbarako lakuan eta Nere Borda parkean
Hernaniko Udalak animalia inbaditzaileak herriko laku eta putzuetatik ateratzeko erronda egin zuen martxoan. Santa Barbarako lakuan eta Nere Borda parkeko putzuan egin zuten interbentzioa, horretarako aproposak diren sistemak erabilita.
Bertako espeziekoak ez diren dortoka asko zeuden Santa Barbaran, baita arrain exotikoak ere. Lakutik atera zituzten animaliak Urnietako Basabizi babeslekura eraman zituzten. Nere Borda parkean, berriz, urre arrainak atera zituzten urmaeletik.
Udalak animalia exotikoak dituzten herritarrei ondorengo mezua bidaltzen die: «Animalia horiek edozein naturgunetan askatzea ez da irtenbidea». Animali horietaz kargu gehiago egin nahi ez dutenek Aldundiko basozainekin jarri behar dute kontaktuan (943 00 04 20).