Apenas geratzen dira sarrera gutxi batzuk, Galarretan gaur izango den jaialdirako; eta ez da harritzekoa. Sagardoaren Txapelketaren finala jokatuko da, arratsaldeko 18:00etan hasita; baina berezitasun oso garrantzitsua izango du partiduak: Javier Urrizaren azkeneko partidua izango da erremontista profesional gisa. Iban Larrañagarekin batera jokatuko du finala iruindarrak, eta kontrarioak ere ezin aproposagoak dira zitarako: Endika Barrenetxea hernaniarra izango du aurrean, bere aurkari nagusia izan dena azkeneko urteotan, buruz buruko txapelen lehian. Kemen Aldaberekin ariko da Barrenetxea.
Txapelketako bi bikote onenak ariko dira txapel preziatuen lehian, Petritegi eta Oialume Zar sagardotegiak ordezkatuz, hurrenez hurren. Bere bosgarren sagardoaren txapela jantzita esan nahi du agur Urrizak, eta aldiz, palmaresean falta zaion bakarra eskuratu nahi du Barrenetxeak, ez baitu inoiz txapela eskuratzerik izan familiako sagardotegiarentzat.
Partidu parekatua espero da gaurkoan. Ligaxkako partiduan Aldabe eta Barrenetxea nagusitu ziren bi setetan (15-6 eta 15-12), baina ordutik nabarmen egin dute hobera Urrizak eta Larrañagak, sailkapeneko buru bukatu eta finalerako txartel zuzena lortzeraino. Lekunberriarrak eta hernaniarrak, berriz, zenbait partidu galdu zituzten ligaxkaren erdialdera, baina azkeneko bi partiduetan sekulako maila erakutsi dute.
Ostegunean aukeratu zuten finalerako materiala: Aldabek eta Barrenetxeak pelota biziagoak, eta Urrizak eta Larrañagak motelagoak. Pozik azaldu ziren bi bikoteak, eta aitzakiarik ez da izango gaurko final haundian.