Hernaniko emakume sortzaileen lanak presentzia nabarmena izango du Preludioan

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 14a, 00:00

Gaueko 22:30etan emango zaio hasiera Preludioari, Atsegindegin. Guztira, 16 pieza edo tarte izango ditu aurtengo emanaldiak. Udalak gogorarazi du Preludiorako prestatutako aurreneko fila ikuspen eta mugikortasun urritasunak dituzten herritarrentzako erreserbatua egongo dela.

San Joan jaiak ate joka ditugun honetan, motorrak berotzen hasiak dira dagoeneko hernaniarrak, edo hobe esanda eztarriak berotzen. Izan ere, atzo ospatu zen preludio txikia, eta gaur lekukoa hartuko dute helduek, Preludioaren 30. edizioarekin. Gaueko 22:30etan piztuko dira Atsegindegiko argiak. Aurtengo 30. edizioaren sortzailea eta zuzendaria Judith Montero musikaria izan da. 

190 partehartzaile inguru izango ditu aurtengo Preludioak; besteak beste, Hernaniko Musika Banda; Hernani Musika Eskolako eskusoinu taldea, txalapartariak eta abesbatza; Hernaniko txistulariak; Kantuz, Ozenki eta Goiz Eguzki abesbatzak; San Joan konpartsa; Ttarla dantza taldea; Ainhoa Usandizaga dantzaria eta, Maialen Lujanbio, Maite Larburu, Nahia Valle, Iosune Marin, Uxue Sansiñena eta Marion Desjacques gonbidatuak, besteak beste. 

Dagoeneko denek jakingo dute, aurtengo proposamenaren helburua emakumeek kulturan, musikan, dantzan eta bertsolaritzan izan duten paperari erreparatzea dela. Eta horretarako, emakume inspiratzaileak ekarriko dituzte oholtza gainera, publikoki entzunak izan daitezen. 

Emakumeen presentzia erdigunean jartzeaz gain, Hernaniko ondare historikoaren berreskurapenari ere eman diote garrantzia. Eta ildo horretatik, aurten Isidro Ansorena txistulari hernaniarraren heriotzaren 50. urteurrena denez, «txistuari gizarte-prestijioa emateko egin zuen lana aitortzeko», Birigarroa eta Jagoba Astiazaranek sortu duen Leokadisti suitea joko dira emanaldian.

Gaurko preludioa guztira 16 piezek osatuko dute, eta emanaldia aurkeztuko dute Karla Ferreñok eta Ainhoa Usandizagak. Era berean, zeinu hizkuntza jarraitzeko aukera ere izango da, eta aurreneko ilara ikuspen eta mugikortasun urritasunak dituzten herritarrentzako erreserbatua egongo dela azpimarratu du Udalak. 

Argi utzi dute, aurtengo Preludioa ez dela urte jakin bateko anekdota bilakatuko: «etorkizuneko kultura izan dadin urtero-urtero ereiten dugun hazia, emakumeen ikuspegiak, grinak eta ekarpenek ere jaso eta sustatuko dituena. Horrek emaitza artistiko oparoak ekarriko dizkigu etorkizunean».

 

SAN JOANETAKO
XXX. PRELUDIOA

HERNANI

1. 'Leokadisti; Mari Tere/Amona Kontxa eta Sorgin Zulo'

Musika: Isidro Ansorena Eleizegi

Moldaketa: Jagoba Astiazaran Korta

2. 'Birigarroa'

Musika: Isidro Ansorena Eleizegi

Moldaketa: Tomás Aragües Bernard
Bandarako moldaketa: Iñaki Urkizu
Txistu bakarlaria: Jon Ansorena Mujika

3. 'The Seventeenth Of July'

Musika: Alan Griffin

Moldaketa: Xabier Zabala García
Bakarlariak: Nerea Goñi Ibáñez, Iosune Marín Asensio eta Uxue López Santa Cruz

4. 'Hi, Zelta!'

Musika: Alan Griffin

Moldaketa: Enrique Ugarte Alonso eta Xabier García Zabala
Bakarlariak: Haritz Ezeiza Zabala, Iosune Marín Asensio eta Uxue López Santa Cruz

5. 'Andreon Martxa'

Musika eta hitzak: Ethel Smyth eta Cicely Hamilton

Orkestazioa: Constance V Gog, Lara Denies eta Marlies Hollevoet
Moldaketa: Claudia Alduncin Imaz
Euskarazko hitzak: Nere eta Maialen Lujanbio Zugasti

6. 'Maialen Lujanbio'

7. 'Maitatzea nondik balitz'

Musika eta hitzak: Maite Larburu Garmendia

8. 'Gona'

Musika eta hitzak: Maite Larburu
Garmendia

Moldaketa: Roberto Pacheco García
Bakarlaria: Maite Larburu Garmendia

9. Olatz Zugasti 'Bizirik Gaudelako'

Musika eta hitzak: Brendan Graham eta Olatz Zugasti Perurena

Moldaketa: Iñaki Urkizu Kerejeta
Bakarlaria: Marion Desjacques eta Hernani Musika Eskola Publikoko haur abesbatza

10. 'Dantzaharra'

Musika eta hitzak: Anne Perez de Azpeitia Hamilton

11. 'Elektrizitatea'

Musika eta hitzak: Zea Mays

Orkestazioa: Fernando Velázquez Sáiz
Moldaketa: Iñaki Urkizu Kerejeta
Bakarlaria: Nahia Valle Insausti

12. 'Negua Joan da ta'

Musika eta hitzak: Zea Mays

Orkestazioa: Fernando Velázquez Sáiz
Moldaketa: Iñaki Urkizu Kerejeta
Bakarlaria: Nahia Valle Insausti

13. 'Mendirik Mendi'

Musika eta hitzak: José Antonio Erauskin Aiestaran

14. 'Mendirik Mendi'

Musika: Herrikoia
Moldaketa: Joxan Goikoetxea Maritxalar
Hitzak: Manuel Lekuona Etxabeguren

 

Preludioa ATSEGINDEGIN izango da.

 

Musikari gazteak atzo elkartu ziren XXV. Preludio Txikian

Urteroko legez, Hernaniko eskoletako eta Musika Eskolako gazteek emanaldi koloretsua eskaini zuten Atsegindegin.

Arratsalde berezia izan zen atzokoa etorkizuneko musikarientzat. Hernaniko gaztetxoak Atsegindegiko oholtza haundian elkartu ziren, XXV. Preludio Txikia eskaintzeko.

Herriko eskoletako eta Hernani Musika Eskolako ikasleak oholtzaratu ziren, eta ohiko emanaldi koloretsua eskaini zuten bertan.

Beroa nagusitu bazen ere, guraso eta inguruko heldu asko elkartu ziren Atsegindegin, eta gogotik animatu zituzten etxeko txikienak.

Atzoko kontzertuarekin argi geratu zen harrobi ederra duela Hernanik!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!