Unai Elizasu dago Arrauningen atzean, eta ibaiaren magiarekin txundituta egon denez beti, bere buruari honakoa galdetuz sortu zuen Arrauning: «Nola da posible, horren polita den ibai batean inork ez eskaintzea barru-barrutik ezagutzeko aukera?».
Aipatu bezala, galdera horren erantzuna da Arrauning, esperientzia ezberdinak eskaintzen dituen zerbitzua, hain zuzen. Lokalari dagokionez, Loiolako Latxarien plazan dago kokatuta, eta bertan dago irteera guztien abiapuntua eta amaiera.
Elizasuk Urumea bailarako herritarrak gonbidatu nahi ditu Arrauningera, «ez baita atzerriko turistentzat pentsatutako enpresa bat. Izan ere, Arrauning Donostialdeko aisialdi jarduera bat izanik, uste dut jendeak pentsatzen duela Donostiako gainontzeko jardueren modura, atzerriko turistentzat pentsatutako zerbitzuak eskaintzen ditudala, eta ni guztiz kontra nago. Adibidez, hernaniarrak etortzen bazaizkit bizitzan behin, ni pozik! ez dut gehiago behar».
Elizasuk aipatu du ez duela zentzurik familia alemaniar bat etortzea Arrauningera; «eskaintzen ditudan jardueretan zenbait kondaira, pasarte edota istorio kontatzen ditut, hemengoak direnak, esaterako; Txirritari edota Bilintxi buruzkoak». Horregatik, Arrauningeko jabeak azpimarratzen du Urumea inguruan bizi diren herritar horientzako zerbitzuak eskaintzen dituela batik bat: «Urumeatik, Urumearentzako eta baita inguruko jendearentzako». Hala ere, Arrauningek ez dizkie ateak itxiko atzerritarrei: «ongi etorriak izango dira, baina nire enpresa hemen bizi direnei bideratuta dago, eta hori nahiko nuke argi utzi. Jendeak uler dezala jarduera hau Donostian egoteagatik ez dagoela gaur egungo Donostiako norabide turistiko ikuspuntuarekin lotuta».
«88 urteko emakume bat etorri zen kanoan ibiltzera, eta ze poza!»
Elizasuk argi dio Arrauningek edonori ematen diola kanoan ibiltzeko aukera, izan ere, arrazoitu du «eroso» zoazela. Hori guztia kontatzen ari zen bitartean, Elizasuri bitxikeria ederra etorri zaio burura: «88 urteko andre bat ezagutu nuen, bizi osoan ibai ertzean bizitakoa zena. Aipatu zidan sekula ez zela arraunean ibili eta bere ilusioa zela Urumea barrutik ezagutzea. Horrexegatik, nirekin etorri zen kanoan ibiltzera, eta esan behar dut 20 urte kendu nizkiola kolpetik! Ume txiki baten moduan ibili zen, gustura!». Honekin guztiarekin, Elizasuk azpimarratu nahi du Arrauningek edonorentzako aukera zabala eskaintzen duela, «etorri daiteke 88 urteko andra bat. Gogoa da behar dena, besterik ez. Ez du ez adinak, ez eta gaitasun fisikoak baldintzatzen. Kanoatan eserita zoaz, eta erosoa da edonorentzat».
Hamaika bidai, Urumea ibaian zehar
Urumea ibaiak lotzen du Urumea bailara eta Arrauningek ur horretan eskaintzen ditu mota guztietako zerbitzuak; besteak beste, kanoen alokairua, Erreka Mari altxorraren bila, kanoetan paseoak, kanoetan irteera pribatuak, trainoan paseo pribatua eta pedaloen alokairua.
Kanoen alokairuari dagokionez, ordubeteko iraupena du, 30 euroko prezioarekin. Alokairua luzatu nahi izanez gero, 10 minutuko gehigarri bakoitzeko 3€ ordaindu beharko dira kanoako, eta denbora gehigarri hori jarduera amaitzean ordainduko dute bezeroek. Arrauningek alokairuaren noranzkoa ezarriko du. «Segurtasun arrazoiengatik, guk adieraziko dizuegu ibaian gora edo ibaian behera joango zareten». Alokairuak gutxienez bi pertsonarentzat izan behar du.
Urumea garbitzeko familia-abentura ere eskaintzen du Elizasuk, eta 'Erreka Mari altxorraren bila' izendatu du zerbitzu hau. Jarduera dibertigarria izateaz gain, naturarekin konektatzeko aukera ederra ematen die familiei: «Erreka Mari, euskal kondaira zaharra ekarri dugu Urumeara. Erreka Mari, Urumean bizi den euskal lamia da. Lamia pozik bizi da Urumean baina inoiz, Urumean agertzen diren zikinkeriekin triste eta penaz egoten da. Jarduera honetara datozen familiak, Urumea ibaian zehar abentura batean murgilduko dira Urumean egon beharko ez lukeen guztia uretatik aterako dugu, Erreka Mari pozik egon dadin. Aterako dugun guzti hori “altxorra” ere bada, Urumeatik kanpo egon behar duen altxorra».
Kanoetan paseoak emateko aukera ere eskaintzen du Arrauningek. «Izan ere, Urumea ibaiaren baldintzetara eta gure agendara egokitutako kanoan ibilaldi gidatuak antolatzen ditugu, beti esperientzia onena bermatzeko. Gure lehentasuna partehartzaileen segurtasuna eta gozamena da; horregatik, jardueraren eguna eta ordua arretaz hautatzen ditugu, ibaiko egoeraren eta eguraldiaren arabera». Ibilaldi hauek, 90 eta 120 minutu bitartean egiten dira, gidari batek lagunduta, ibaiaren bazter berezienak ezagutzeko aukera izango dute bezeroek, «Urumea ibaiaren historia eta edertasun naturalaz gozatzen duten bitartean».
Plan pribatuago bat egin nahi izanez gero, Arrauningek baditu zenbait aukera, eta horietako bat da kanoan gidatutako ibilaldi pribatua: «esperientzia lasai eta esklusibo batez lagunekin, senideekin edo lankideekin partekatzeko». Zerbitzu hau «edozein ospakizunetarako aproposa» omen da: «izan daitezke ezkongai-agurrak (despedidak), urtebetetzeak, enpresa-ekitaldiak…». Arrauningeko gida uneoro egongo da bezeroekin, «zuek zaintzen, eta Urumeako historiak eta istorioak kontatzen. Ez da aurre esperientziarik behar, naturaz eta ibaiaz gozatzeko gogoa besterik ez».
Pribatutasunean egiteko beste jarduera bat trainoan ibilialdia ere izan daiteke, «Kanoan eskaintzen dugun ibilaldi gidatua pribatua da, lagunekin, familiarekin edo lankideekin partekatzeko esperientzia lasaia eta esklusiboa».
Pedaloen alokairuak 30 minutuko iraupena izango du, eta pedalo bakoitzean, gehienez 2 heldu eta 2 adingabe joan daitezke. Pedalo jarduerak ibilbide desberdinak izango ditu eta ibilbideei dagokienez, jarduera unean ezarriko dira, ibaiaren egoera kontuan hartuta; hala nola, mareak, haizea...
Bilintx trainoa
Elizasuk Bilintx izena jarri dio trainoari, eta galdetuko duzue, zergatik Bilintx? Bada, Arrauning Loiola auzoan kokatutako proiektua da, eta keinu bat egin nahi izan dio Elizasuk Bilintx bertsolariari, «Loiolako izena ezagutarazi eta ospetsu bihurtu zuena. 'Behin batean Loiolan, erromeria zen' zioen bertso-sortak. Arrauningek erromeriarik antolatzen ez duen arren, Loiola da bere jarduera gozagarrien oinarrizko kanpamentua. Arrauning, gainera, turismo-aisialdi proiektu bat baino gehiago da; Urumeatik eta Urumearentzako sortutako proiektua da. Euskara da Arrauningen ardatza, eta Arrauning da eta izango da euskararen arnasgune».
12 pertsonentzako diseinatuta dago, eta bere egonkortasun eta zabalera dela eta, 6 pertsonatik aurrera irten daiteke uretara, ekintza seguru eta irisgarri bihurtuz. Elizasuk gaineratu du, inklusiorako aukera ezin hobea dela: «Trainoak adina, gaitasun fisikoa edo esperientzia-maila ezberdina duten pertsonek elkarrekin parte hartzea ahalbidetzen du. Bere diseinu ergonomikoari eta eskaintzen duen segurtasunari esker, edonork goza dezake rematzen edo, besterik gabe, ibilaldiaz kezkatu gabe». Era berean, dibertigarria eta berezia izateaz gain, Trainoa aukera ezin hobea dela azaldu du Arrauningek, «talde-lana, elkarlana eta integrazioa sustatzeko. Bere erosotasunari eta segurtasunari esker, Urumea ibaiaz gozatzeko modu ezberdina eskaintzen dugu, arrauna eta natura mundu guztiarentzat hurbilduz. Etorri eta bizi ezazu Trainoa esperientzia, non inklusioa eta dibertsioa eskutik doazen!».