Hernani Club Rugby Elkarteak VIII. Errugbi Inklusibo Txapelketa antolatu du, bihar goizeko 11:00etan hasita, Landaren. Estatu osoko zazpi klub bilduko ditu, inklusioa oinarri dituen errugbi egun batean, 1000 izaera, 1000 gaitasun, 1000 emozio=kirol 1 aldarrikatuz.
Azken edizioetako aurreko egiturari jarraituz, zazpi klubek hartuko dute parte, sei taldetan antolatuta. Goizean Landare Tokiko errugbi zelaietan jardungo dute eta
arratsaldean, sentsibilizazio saioa izango da Hernaniko erdigunean. Ondoren, han bertan izango da sari banaketa eta itxiera ekitaldia.
Etxeko taldearekin batera, Avilako R.I.A., Valentziako Cullera El Clan, R.C. Valencia eta Les Abelles R.C., A Coruñako CRAT, eta Asturiaseko Asociación Llanerense de Rugby taldeak izango dira.
Hernaniko Inklusibo Txapelketan talde guztiak izango dira garaile eta guztiek eramango dute garaikurra. Horretaz gain, talde batek eramango du Inklusibo sariaren txapela etxera. Talde bakoitzeko arduradunek eta epaileek bost parametro izango dituzte gainerako taldeak baloratzeko: partaidetza denborari dagokionez eta jokoari dagokionez, joko garbia, alaitasuna eta giro ona eta taldearen maila teknikoa.
Hirugarren denbora eta
ondoren kalejira erdigunean
Goizeko partiden ondoren, txapelketako parte-hartzaile guztiek hirugarren denbora egingo dute Landare-Tokiko instalazioetan. Ondoren, trikitixa doinuak jarraituz hurbilduko dira kalejira giroan herrigunean burutuko den sentsibilizazio saiora. Honen ardatza, Ezkiaga Pasealekuan (Tilos) arratsaldeko 17:30etan egingo diren herri kirolak izango dira.
Sentsibilizazio saio honek helburu bikoitza izango du. Alde batetik, herriaren aurrean inklusibotasunari ikusgarritasuna ematea eta bestetik, txapelketako partaide guztiei tarte ludikoa eta sozializatzailea eskaintzea, gure kulturaren berri emanez. Taldeetako jokalariek kolore desberdinetako kamisetak jantziko dituzte eta ondoren talde guztietako jokalariak nahastu egingo dira koloreka.
Txingetan, lokotxetan, soka-tiran, harri jasotzen, ingudea altxatzen eta palan ariko dira, ohi bezala Etxeberria Ikutza anai-arrebek gidatuta.
Ondoren, han bertan burutuko da VIII. Inklusibo Txapelketako sari banaketa. Euskal Errugbi Federazioko eta Hernaniko Udaleko ordezkariak eta Hernani CREko Lehendakaria izango dira garaikurrak banatzeko lanetan, eta, haiekin batera, Topaketaren edizio honetako babesle berezia den Aramendia Gozotegiko ordezkaria arduratuko da txapela ezartzeaz. Ekitaldiari amaiera Hernanin hain ezaguna den Azeri Dantzaren doinuaz emango zaio.