Merkataritza ekintzailetza sustatzera 50.000 euro bideratuko ditu Udalak

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 13a, 00:00

Merkataritza nahi da bultzatu herrian.

Jarduera ekonomiko berriak martxan jarri edo ixtear daudenen eskualdeketarako laguntza eskaerak urriaren 31 arte egin daitezke.

Merkataritza ekintzailetza sustatzeko asmoarekin, Hernanin hutsik dauden merkataritza lokaletan jarduera ekonomikoak abiatzeko eta ixtear dauden negozioen eskualdaketa sustatzeko dirulaguntzak emango ditu Udalak.

50.000 euro bideratuko ditu aurten Udalak asmo horietara. Eskaerak egiteko epea irekita dago, urriaren 31 arte. 2024an martxan jarritako merkataritza ekintzailetza proiektuek eskatu ahal izango dute laguntza.

Dirulaguntza honen bidez, merkataritza lokalen alokairuen edo erosketaren zati bat ordaintzen lagunduko du Udalak. Era berean, proiektuak abiatzeko bestelako gastuak eta
inbertsioak ere kontuan hartuko dira. Alokairuaren %50 ordainduko da (gehienez 500 euro hilabeteko); erosketaren %5a (gehienez 10.800 euro) eta gainerako gastuetan, %50 arte (gehienez 2.000 euro).

Eskaerak egiteko lantokiaren egoitza sozialak Hernanin egon behar du eta gehienez bost langileko negozioa izan.

Honez gain, Udalak, Beterri-Buruntza Mankomunitatearen bitartez, bideragarritasun plana osatzeko doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen die merkataritzako ekintzaileei. 

 

Merkataritzaren gainbeherari aurre egiteko laguntza

Hernaniko Udalak jarduera ekonomikoa eta enpleguaren sorrera sustatu nahi ditu, eta bereziki merkataritza jarduera sustatu nahi du, ekintzaileei lokal hutsetan jarduera ekonomiko bat ezartzen lagunduz nahiz ixtera doazen komertzioen erreleboa sustatuz.

Herrietako tokiko merkataritzak egiturazko gainbehera bizi du azken hamarkadetan. Horrek herrietako paisaian eragin zuzena izan du eta gero eta gehiago dira itxita dauden
merkataritza-lokalak. Hernaniko merkataritza sektoreak, horrez gain, bere kokapen geografikoak ere bereizten du. Egoera horri buelta ematen lagundu nahi du Udalak, herrian bertan ekintzailetza lagunduz

Informazio gehiago nahi izanez gero Plazara gunean Gudarien plaza, 5, 943 33 70 28 telefono zenbakian, merkataritza@hernani.eus helbide elektronikoan edota www.hernani.eus webguneko iragarki taulako dirulaguntzak atalean eskuratu daiteke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!