Eztarri, esku eta zangoak gori-gori iritsiko dira San Joanetara, ia bi asteko beroketarekin

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 14a, 00:00

Astelehenez hasiko dira San Joan jaiak aurten, eta horregatik, bi asteburutan banatu dituzte festen aurreko ohiko ekintzak. Atzo hasi eta ekainaren 22ra arte, 10 egunez luzatuko da beroketa, jaien txinparta pizteko.

Salbuespenak salbuespen, sei urtean behin tokatzen da horrela, gutxi gorabehera: astelehenetik ostiralera izango dira aurtengo San Joan jaiak Hernanin, oso-osorik astegunez. Gauzak horrela, eta txosnak ekainaren 21ean irekiko dituztela kontutan hartuta, pentsatzekoa da jai giroak hartuko dituela aurreko eta hurrengo asteburuak ere...

Halaxe gertatuko da festen aurreko ohiko ekintzekin. Txupinazoaren aurreko asteburuan izaten dira makina bat hitzordu, baina San Joan bezpera astelehena izanik, gertu xamar ote... Kontuak kontu, bi asteburutan banatuta datoz aurtengoan jarduera horiek, eta beraz, 10 egunez luzatuko da jaietarako beroketa: atzo hasi zen, Preludio Txikiarekin; eta ekainaren 22an bertan bukatuko da, kirola protagonista dela. Eztarriak, eskuak eta zangoak bero-bero dituztela iritsiko dira hernaniarrak festetara, hori ziur!

Gaur bertan izango da San Joanetako Preludio kontzertua, 30garrenez egingo dutena, gaueko 22:30etan hasita. Eta biharkoan, urtero bezala, kurtso bukaerako erakustaldia eskainiko dute herriko gimnastek. 

Datorren ostegunetik igandera, 15 hitzordu denera

Beteagoa dator egitaraua datorren asterako, asteburura itxaron beharrik gabe. Izan ere, 15 ekintza izango dira jaien beroketa gisa, ostegunetik igandera bitarte; egunero, hiruzpalau.

Kantuak eta dantzak ez dute hutsik egingo, herriko taldeen emanaldi bereziekin; eta nonahi izango da kirola lau egun horietan: hartubol topaketa, pelota txapelketak, Gerardo Plazaren oroimenezko xake topaketak, Azeri Bila lasterketa, Hernani Sutan boxeo belada, Palankarien proba, Hernaniko Bola Txapelketaren tiraldiak...

 

SAN JOAN JAIETARAKO BEROKETA

AURREKO EKINTZAK

GAUR, larunbata

09:00, Compack plater tiraketa, Hernani Sari Nagusia. Txantxangorri elkarteak antolatuta.

17:00, Bola jokoa. Hernaniko Txapelketaren aurreneko tiraldia, Ereñotzuko bolatokian.

22:30, Preludioa, Plazan edo Atsegindegin. San Joan jaietako 30garren iragarpen kontzertua.

BIHAR, igandea

11:00, Gimnasia erritmikoko ikasturte amaierako erakustaldia, kiroldegian.

EKAINAK 19, osteguna

10:30, Gipuzkoako Hartubol Topaketa, kiroldegian: Hernani-Ourense. Goiz Eguzkik antolatuta.

19:00, Ttarla dantza taldearen emanaldia, Tilosetan edo Atsegindegin (eguraldiaren arabera).

19:00, Goiz Eguzki abesbatzaren kontzertua, Goiz Eguzkin edo udaletxeko areto nagusian.

EKAINAK 20, ostirala

16:00, Pelota: infantil mailako nesken topaketa, txapelketa azkarra eta barrene herrikoia. Pala Elkarteak antolatuta.

16:30, Kaleko jolasak, Goiz Eguzki jubilatuen etxean.

17:00, Gerardo Plazaren Oroime­nezko Xake Topaketa hau­rren­tzat, Atsegindegin. Herna­niko Xake Joko Elkarteak antolatuta.

20:30, Udako solstizioa, Chillida Leku museoan. Paisaia-opera, Strijbos & Van Rijswijk eta David Chalmin.

EKAINAK 21, larunbata

07:45, Aurorak Hernanin zehar, Ereñotzuko Ozenki eta Goizuetako Umore Ona abesbatzekin.

16:30, Azeri Bila herri lasterketa, Plaza Berrin hasita.

18:00, Hernani Sutan emakumezkoen boxeo belada, kiroldegian. Sorabox elkarteak antolatuta.

19:00, Txosnen irekiera, Tilosetan.

EKAINAK 22, igandea

09:00, Txakurren erakustaldia, San Joan Sari Nagusia, Xoxokako zelaian. Txantxangorri elkarteak antolatuta.

09:30, Palankarien 52garren proba, Sagastialdeko atletismo pistan. Etxeberri elkarteak antolatuta.

11:00, Gerardo Plazaren Oroimenezko Xake Topaketa, Plaza Berrin. Hernaniko Xake Joko Elkarteak antolatuta.

17:00, Bola jokoa. Hernaniko Txapelketaren bigarren tiraldia, Goiz Eguzkiko bolatokian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!