Aldabe eta Barrenetxea sailkatu dira Sagardoaren Txapelketaren finalera

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 11a, 00:00

Aldabe pelota jotzen, Barrenetxea IV.a eta Ezkurra II.a begira dituela.

Ekainaren 16an, datorren astelehenean, Urriza-Larrañaga bikotearen aurka jokatuko dute finala.

Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea sailkatu dira 2025eko Sagardoaren Txapelketaren final haundirako. Horrenbestez, txapelak eskuratzeko partiduan lehiatuko dira, datorren astelehenean, ekainaren 16an, Javi Urrizaren eta Iban Larrañagaren aurka. Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, finalerdian Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea hartu zituzten mendean, bi jokotan (14-15 eta 7-15).

'Erremontari' saioko finala da Javi Urrizak bere kirol ibilbidean jokatuko duen azken partidua, eta aurrelari iruindarra eta Larrañaga, eta Aldaberekin eta Barrenetxea IV.arekin arituko dira, nor baino nor gehiago.

Herenegungo finalerdian, bi zati oso desberdin izan ziren. Izan ere, lehenengo jokoan, bi bikoteak oso parean ibili ziren, eta Aldabek eta Barrenetxea IV.ak tanto bakar batez eskuratu zuten puntua. Bigarren jokoan, ordea, Ezkurra II.ak eta Juaneneak ez zuten aukerarik izan. Bigarren joko horretan, gakoetako bat izan zen Barrenetxea IV.aren sakea; atzelari hernaniarrak sei tanto egin zituen bigarren jokoan sakea baliatuta, eta guztira hamar egin zituen. Horrek eragin haundia izan zuen azken emaitzan.

Bi jokotan, finalerako txartela

Oialume Zar sagardotegia ordezkatuta, Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea 3-6 aurreratu ziren norgehiagokako aurreneko jokoan, baina Bereziartuako ordezkariak diren Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak, seinakoa jarri zuten berehala. Parekotasuna erabatekoa izan zen: azken tantora iritsi zirenean, emaitza 14-14koa zen, eta sakea saldiastarrak zuen. Baina Aldabek eta Barrenetxea IV.ak eskuratu zuten hamabosgarren tantoa, eta aurretik jarri ziren neurketan.

Bigarren jokoan, aurrelari lekunberriarra eta atzelari hernaniarra gehiago izan ziren. Barrenetxea IV.ak min haundia egin zuen saketik, eta bikote garailea 1-8 jarri zen aurretik; hori oztopo haundiegia izan zen Ezkurra II-Juanenea bikotearentzat. Bi nafarrek 5-8 gerturatzea lortu zuten, baina Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak beste lau tanto jarraian egin zituzten, 5-12kora arte, eta Ezkurra II.ak eta Juaneneak ezin izan zuten hori gainditu. Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, beraz, 'Erremontari' saioko finala dute jomugan, dagoeneko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!