Udalak kezka helarazi dio HPSri, hizkuntza-politikak egiteko udalek duten lege-babes ezaren inguruan

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 11a, 00:00

«Udal guztiok lege-babesa behar dugu aurrera jarraitzeko», dio Xabier Lertxundi alkateak.

Bilera egin du Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak, egunotan, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailarekin (HPS). Hernaniko alkateak egokitzat jo du hizkuntza-politika gaietan koordinaziorako eginda­ko elkarlanerako bidea, baina bilera horretan bertan, bere kezka helarazi die HPSko ordezkariei, euskeraren kontrako agerraldi judizialaren inguruan.

HPSk hainbat gairen inguruan hitz egiteko proposatu ditu horrelako bilerak eskualdeetan. Hernaniko zitan, Xabier Lertxundi alkateak mahai gainean jarri nahi izan du gaur egungo oldarraldi judizialak udaletan duen eragina, eta horrek eragiten dion kezka: «Izan ere, tokian toki udalek egoera jakin bat izanda ere, bada behar bat udal guztiok partekatzen duguna, segurtasun juridikoa. Lege-babesa behar dugu aurrera jarraitzeko. Kezka haundiz bizi dugu egoera hau», adierazi du. Esaterako, udalei zuzenean eragiten dieten hainbat sententziaren bidez baliogabetu dituzte edo baliogabetzeko bidean daude udal legearen hainbat artikulu.

«Herritarrengandik gertuen gauden administrazioak izanda, berebiziko garrantzia du hizkuntzaren posizionamendu­ak, kasu honetan euskerarenak. Udalak izan dira aitzindari
euskeraren aldeko hizkuntza-politikak gauzatzen, eta horretan atzera egiteak euskeraren biziberritze-prozesu osoan izango du eragina», dio alkateak.

Euskera lanerako eta zerbitzuetarako hizkuntza izatearekin daude lotuta baliogabetu dituzten edo baliogabetzeko bidean dauden artikulu horiek. «Lehenengo mailako gaiak dira guztiak, eta horiek baliogabetzeak kontrako eragin zuzena izango du gainontzeko egitasmoetan. Tamainako erantzuna eman behar zaio gaiari, eta estrategikoak diren gaien inguruan hitz egin behar da, proiektu zehatzen inguruan hitz egin aurretik». Ildo horretan, Hernaniko Udala egiten ari den lanaren berri ere eman die alkateak HPSko ordezkariei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!