Trafiko mozketak Floridan, Rueda de Asian film bat grabatzen ari direla eta

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 10a, 00:00

Udaltzain bat trafikoa bideratzen, atzo arratsaldean, film grabaketaren gunean.

Atzo hasi zuten grabaketa, eta ostiralera arte ariko dira auzoan. Ondorioz, trafikoan eten txikiak izango dira 09:00etatik 19:00etara.

Atzo Floridako Rueda de Asia den­daren paretik pasa zirenen artean, askok topatuko zituzten kamerak, mikrofonoak, beste apartu ugari, eta horiekin talde majoa lanean. Izan ere, pelikula bat ari dira grabatzen Rueda de Asian bertan, atzotik.

Hori horrela, trafiko mozketa txikiak izango dira egunotan, grabaketak hala eskatuta. Gaur eta bihar, Rueda de Asian (Florida 42) segiko dute grabaketarekin, eta 09:00ak eta 19:00ak artean izango dira mozketa txikiak, dendaren parean. Puntualki, gainera, bide mozketak egingo dituzte Lidl supermerkatuaren eta San Jose Langilea elizaren artean.

Ostegunean eta ostiralean ere egingo dituzte grabaketa lanak, baina kasu horretan Florida 56ra mugituko dituzte, eta 'Scalextric' gisa ezagutzen gunean ariko dira, goiko parkinean. Kasu horretan, eragin txikiagoa izango du grabaketak, baina bide mozketa puntualak izan daitezke Lidletik elizara bitarteko kotxeen eta oinezkoen bideetan.

Grabaketako lantaldearekin hitz egin zuen atzo arratsaldean Kronikak, Rueda de Asian bertan; eta azaldu zuten oraindik ezin dutela filmaren xehetasunik eman, baina datozen astean aterako dituztela argitara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!