Pelota partidu ikusgarriekin agurtu zituzten jaiak Etxeberrin eta Osiñagan

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 9a, 00:00

Olazabal eta Xala ezkerrean, eta Iraitz eta Xabat eskuinean. Lehia sutsua izan zen atzo, Osiñagan.

Eguerdiko 14:30etan bukatu ziren Etxeberriko Mendekosteak, eta arratsaldera arte luzatu zen festa giroa Osiñagan. Atzokoan pelota partiduak izan ziren bi auzoetako protagonistak.

Kitto, bukatu dira Mendekosteak eta Osiñagako Jaiak. Asteburu ederra igaro dute Etxeberriko eta Osiñagako bizilagunek, eta atzoko egunez borobildu zuten festa, pelota partiduen presentzia nabarmenarekin. Asteburu honetan Ereñotzuk hartuko du lekukoa, San Antonioekin.

 

Kirola eta sukaldaritza uztartu zituzten Etxeberrin

Aurreko eguneko parranda izerdiaren bidez ahaztu zuten Mendekosteetako azken egunean. Federatu gabeko haurren eta helduen bola txapelketarekin hasi zuten eguna, eta pelota partiduekin jarraitu zuten eguerdian. Hernaniko pelotari gazteen finala jokatu zuten bertan, eta jende ugari bertaratu zen Etxeberriko frontoira.

Kirol saioaren ondoren, indarrak berreskuratzeko plan aproposa izan zen Mendekosteetan: sagard dastaketa. Zerua lainotuta egon arren, zintzurra freskatzeko ondo baino hobeto etorri zitzaion sagardoa jendeari. Gainera, dastaketa egin bitartea, IV. Interjaiak sukaldaritza lehiaketa egin zuten, osagai sekretu eta guzti. 

Prestatutako pintxoen dastaketa egin ondoren, eguerdiko 14:30ak aldera, amaitutzat eman zituzten Etxeberri auzoko jaiak. 

 

Pelota eta bertsoa nagusi atzo, Arriatxun

Auzoko gazteen arteko pelota partiduekin hasi zuten Osiñagan igande goiza, eta segida eman zioten bertsotan, Aitor Mendiluzek eta Unai Agirrek. Bertsoak amaituta, Arriatxun bildu ziren denak, Euskal Parrilakoek prestutako menuaren bueltan bapo bazkaltzeko. Jan eta edan bitartean, kantuan ere aritzeko aukera izan zuten auzokoek. 

Iaz moduan, atzo arratsaldean ere bertso pelotak sekulako arrakasta izan zuen. Tanto eta tanto artean, bertsotan giro umoretsua jarri zuten Aitor Mendiluzek eta Unai Agirrek. Pelotan, berriz, Oinatz Bengoetxeak ezin izan zuen jokatu, eta beraz, Ives Salaberria 'Xala'k ordezkatu zuen. Horrenbestez, Mikel Olazabal eta Xabat Pagola bikote moduan aritu ziren aurrena, Xalaren eta Iraitz Arrutiren aurka. Nahikoa ez eta, aurreneko partidua amaituta, auzoko Xabat eta Iraitz, Xalaren eta Olazabalen aurka aritu ziren, tarteka zerbeza tragoxka bat edanda, eta seriotasun osoz. 

Partiduen ostean, trikitilari gazteen saioak eman zien amaiera Osiñaga auzoko jaiei.

Erlazionatuak

Osiñagako Jaiak - Igande arratsaldea

Kronika - Erredakzioa eka 08, 20:00 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!