Denboraldi zirraragarria du aurretik Hernaniko Arraun Elkarteak. Atzo eguerdian agerian geratu zen arraunlari gazteen ilusioa, Zinkoenean egindako aurkezpen ekitaldian. Klubeko arraunlari guztiek hartu zuten parte, eta lortutako garaikurrak eskuartean izan zituzten.
Batzuek dagoeneko bukatu dute denboraldia, eta egindako lana aitortzeko balio izan zuen atzoko jarduerak. Udaran, ordea, lana gogotik egitea tokatuko zaie 'Maialen' traineruko arraunlariek.
Estitxu Zabala prestatzaileak nabarmendu zuen «bide onean» doala Hernaniko kluba: «Talde honek egiten duen esfortzua miresgarria da. Guretzat talde onena daukagu, jende gaztea da, baina lan oso ona egin da lehorrean eta fisikoki ondo prestatuta gaude. Gainera, gogorik ez zaigu falta, eta maila polita emango dugula uste dut. Aurten jarraitzen dugu emaitza hobeak lortzeko lanean, neguan egindako lana bikaina izan da».
ETE liga ekainaren 21ean hasiko da. Lehenengo estropada Astilleron izango du Hernanik, eta hamasei proba pasa beharko ditu udaran zehar.
Irailaren 3an, berriz, Kontxara sailkatzeko estropadan arituko da.