'Maialen' trainerua jendaurrera, gaur

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 8a, 00:00

Zinkoenean aurkeztuko dute, 12:30etan, bi aste barru ETE Ligari ekingo dion arraunlari eta teknikari taldea.

Astilleron izango da Hernaniko 'Maialen' trainerua, bi aste barru. Ekainaren 21ean ekingo dio ETE Ligari, Kantabriako uretan, eta bi hilabetez luzatuko da banderen lehia, abuztuaren bukaerara arte.

Horri begira, azkeneko prestaketetan murgilduta dago Hernaniko Arraun Elkartea, baina uretatik kanpo jarri du hitzordua gaurko, arraunzaleekin eta herritarrekin batera: jendaurrean aurkeztuko dute 'Maialen' trainerua osatuko duen arraunlarien eta arlo teknikoko partaideen taldea. Eguerdiko 12:30etan izango da, Zinkoenean, eta herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbitea.

Traineruko taldea ez ezik, beste adin tarteetako arraunlari eta entrenatzaileak ere aurkeztuko dituzte. Horrela, goraipatuko dute osatu berri duten batel denboraldi bikaina, eta lortu dituzten dominak aditzera eman.

 

14 estropada, ETE Ligan

Astilleron hasita, astebururo izango da ETE Ligako estropadaren bat; kasu gehienetan, asteburu berean bi estropada. Deustun izango dute azkenekoa, abuztuaren 23an. 14 estropada jokatuko dituzte guztira.

Ligako zortzigarrena izango da Hernaniko Arraun Elkarteak antolatutako estropada, uztailaren 19an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!