Festa giroan murgilduta daude Hernaniko ertzak, asteburu honetan. Bakarraren faltan, bi auzo ari dira jaiak ospatzen, denboraldiari hasiera emateko: Etxeberri eta Osiñaga. Gaur bukatuko dira festak bietan, eta errematea jartzeko, kirola, bertsoak eta sagardoa izango dira protagonista.
Atzoko egun haundiaren ondoren, goizerako plana osatu dute Mendekoste Jaietan. Bolatokian hasiko dute eguna, eta federatu gabekoen bola txapelketa antolatu dute estreinakoz: haurrena jokatuko dute lehenik, eta helduena ondoren. Eguerdian, berriz, frontoira mugituko dute festa. Esku pelota txapelketaren finalak izango dira jokoan, eta sagardo dastaketa ere egingo dute, urtero bezala. Gainera, laugarren edizioa izango du Interjaiak sukaldaritza lehiaketak: osagai sekretuekin prestatu beharko dute errezetarik onena, auzo ezberdinetako kideek. Sari guztiak banatu eta bapo jan eta edanda, 14:30etan emango diete bukaera jaiei, azken trakarekin.
Osiñagako Jaietan, berriz, bi izango dira protagonista nagusiak: pelota eta bertsoak. Goizak eta arratsaldeak izango dute bietatik, eta ziurtatuta daude giro ederra eta umorea. Gaztetxoen arteko partiduak jokatuko dituzte eguerdian, eta aurreneko saioa egingo dute Unai Agirre eta Aitor Mendiluze bertsolariek. Bazkari herrikoiak piztuko du giroa ondoren, arratsaldean datorrenerako: Oinatz Bengoetxea eta Mikel Olazabal esku pelotari profesional ohiak berriro izango dira Arriatsuko frontoitxoan, eta Unai Agirrek eta Aitor Mendiluzek bertsotan zirikatuko dituzte. Urtero eragin ditu ikusleen barre algarak, bertso-pelota desafioak.
Trikitilari gaztetxoen saioak borobilduko du asteburu ederra.
OSIÑAGAKO JAIAK
GAUR
12:00, Gazteen arteko pelota partiduak.
13:00, Unai Agirre eta Aitor Mendiluze bertsolariak.
14:00, Bazkari herrikoia Arriatsun, Euskal Parrillakoek prestatuta.
18:00, Bertso-pelota: Oinatz Bengoetxea-Mikel Olazabal, Unai Agirre eta Aitor Mendiluze bertsolariekin.
Ondoren, Trikitilari gazteen saioa.
MENDEKOSTE JAIAK
GAUR
10:00, Federatu gabeko Haurrentzako I. Mendekosteko bola txapelketa, Benta Berriko bolatokian.
11:00, Federatu gabeko Nagusien I. Mendekosteko bola txapelketa, Benta Berriko bolatokian.
11:00, Meza nagusia, hildakoen omenez.
12:00, Esku pelota txapelketaren finalak.
12:00, Sagardo dastaketa.
12:00, Interjaiak IV. Sukaldaritza Lehiaketa, osagai sekretuekin.
14:30, Jaien amaiera eta azken traka.