Bi hilabete pasatxoko lehiaren ondoren, iritsi da bere unerik berezienera Tilos 7 Pasa txapelketa: gaurkoa da txapel preziatuak banatzeko egun haundia. Dena den, aurtengoan aurreratu egin dute finaletako bat, nesken torneokoa, bertso munduko konpromisoak tarteko. Atzo arratsaldean jokatu zuten, giro ederra lagun: Ainhoa Urien Eta Maialen Lujanbio nagusitu ziren, Miren Artetxeren eta Eli Pagolaren kontra (22-20). Lagunarteko giroan jokatu zuten partidua.
Gaur goizean izango dira beste hirurak, 10:30etan hasita, Tilosetako frontoian. Bigarren mailako finala jokatuko dute aurrena: Haritz Zabala eta Gorka Altuna, Oier Apaolazaren eta Xuban Iturriotzen kontra. Atseden gutxi izango dute haiek, ostegun arratsaldean jokatu baitzituzten semifinalak. Bi bikoteek nagusitasunez irabazita eskuratu zuten finala jokatzeko txartela. Zabalak eta Altunak 22-10 irabazi zuten Agirreren eta Lizeagaren kontra; eta Apaolazak eta Iturriotzek 22-13 hartu zituzten mendean Irazustabarrena eta Salaberria. Finalerdian Paulo Aiestaranek ordezkatu zuen Apaolaza, baina finalean ohiko bikoteak lehiatuko du.
Lehenengo mailako finala jokatuko dute ondoren: Endika Ramos eta Aiheko Zubimendi beste txapel bat lortzen saiatuko dira, Xabier Zubiriaren eta Alain Luisaren kontra. Majo sufrituta sailkatu ziren finalera Ramos eta Zubimendi, 22-19 menderatu baitzuten Loidi-Luisa bikotea. Beste semifinalean, alde haundixeagoarekin nagusitu ziren Zubiria eta Luisa, Alkortaren eta Belokiren kontra (22-14).
Eta goiza borobiltzeko, txapelketa herrikoiaren finala jokatuko dute, Andoni Loranek eta Iñaki Dominguezek, Ander Zabalegiren eta Oier Ezeizaren kontra. Partidu estuak izan zituzten bi bikoteek semifinaletan, 22-18 irabazi baitzuten biek: Rodriguez eta Del Rio menderatu zituzten Zabalegik eta Ezeizak; eta Teje eta Txema Loranek eta Dominguezek.
Txapelketa osoan zehar izan den bezalaxe, giro polita espero da gaurkoan ere, ikusleen artean. Izan ere, ikusmin haundia pizten duen torneoa da Tilos 7 Pasa, eta txapeletako bat janztea ez da txantxetako kontua. Aurten, 85 bikotek ekin zioten txapelketari, inoiz baino gehiago.
Eguerdiko 13:30ak aldera bukatuko dira finalak, eta segidan egingo dute sari banaketa, frontoian bertan. Baina ez da horrekin bukatuko ospakizuna, urtero bezala bazkaria antolatu baitute, txapelketako partehartzaileekin. 50 bat lagun elkartuko dira bazkari horretan.