Macicior eta Irazustabarrena aurrez aurre gaur, Gipuzkoako final nagusian

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 7a, 00:00

Enara Macicior, aurreko partidu batean, kiroldegiko frontoian.

Hernaniko kiroldegian ariko dira, 16:00etan hasiko den jaialdian. Bertan jokatuko dira beste hiru finalak ere.

Gaur jokatuko dituzte Gipuzkoako Bost t'erdiko Txapelketaren finalak, eta Hernanin izango dira, zozketak hala erabakita: arratsaldeko 16:00etan hasiko da jaialdia, kiroldegiko frontoian.

Gainera, bailarako bi palista izango dira protagonista nagusiak. Izan ere, elkarren kontra jokatuko dute Enara Macicior ereñotzuarrak eta Amaia Irazustabarrena hernaniarrak, nagusien lehenengo mailako finalean. Txapelketa borobila osatu dute biek, jokatutako partidu guztiak irabazita.

Jaialdiko azkeneko partidua izango da haiena, eta aurretik jokatuko dira beste hirurak. Aurrena, Intxurreko Luluaga eta Behar Zanako Irazusta ariko dira, jubenilen bigarren mailako finalean. Ondoren, Behar Zanako Aldabe eta Lasa ariko dira aurrez aurre, jubenilen lehenengo mailakoan. Eta segidan, Beotibar taldeko Balerdik eta Aranburuk jokatuko dute elkarren kontra, nagusien bigarren mailakoan.

Maciciorrek eta Irazustabarrenak emango diote bukaera puntako jaialdiari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!