2024ko azaroaren 24an udaletxeari eskaera bat luzatu nion Lastaola inguruan dagoen zarataren harira, egin ditzaten egin beharreko neurketak eta bere kasuan har ditzaten beharrezkoak diren neurriak.
2025eko urtarrilaren 29an Ereñozun egin zen Auzo Biraren bileran alkateari adierazi nion hau guztia. Bere erantzuna izan zen soinuaren mapa egiten ari zirela, zehaztasunik eman gabe. Uste nuen berari egoera zuzenean azaldu izanak zerbaitetan eragina izango zuela, ez baitzegoen bera bakarrik, bazituen hiru edo lau laguntzaile berarekin. Itxaron genuen baina inor ez zen guregana zuzendu.
Martxoaren erdialdera, udaletxera joan nintzen berriro. Beheko harrera zerbitzuan esan zidaten Hirigintzara igotzeko (4. solairuan), baina hor ere ez zekiten ezer, eta nire telefonoa uzteko esan zidaten.
Hori ostirala zen. Ikusita inork ez zuela nire telefonora deitu, hurrengo ostiralean berriro joan nintzen, baina ez zegoen berririk. Galdetu nuen ingurugiroko zinegotzia eta teknikariari buruz, eta esan zidaten hori alkatearen idazkariarekin hitz egin behar nuela. Idazkariak ez zidan zinegotziarekin egoeko aurrerabiderik eman, eta esan zidan neurketa batzuk egiten ari zirela (txotx garaiko zaratari buruz) eta egingo zutela Lastaolan ere.
Neurketa apirilaren 8an egin zen. Maiatzak 21ean berriro alkatearen idazkariari deitu nion neurketaren emaitza zertan ote den galdetzeko, ez baitut beste kontakturik. Esan zidan begiratuko zuela nor ari zen hortaz arduratzen. Oraindik inor ez da etorri ea zer zarata dagoen edo zenbaterainoko arazoa den ikustera, ezta zer esaten ari naizen jakitera ere. Zarata eguneko 24 orduetan dago, astean 7 egunetan, etenik gabeko txistu burrunda. Zoratzeko modukoa, leihoa zabaldu eta burrunda erabatekoa da. Joan ginen fabrikara eta esan ziguten belarrietan tapoiak jartzeko. Egoera jasangaitza da. Jada zaila egiten zait udaletxeak zerbait egingo duela sinestea.
Ez nuke inor mindu edo iraindu nahi, baizik eta arreta, ardura eta zentzua jarri arazo guztiari. Gainontzean pentsatzen hasiko naiz inoiz esaten ez diren estalitako egien kantu bortitzak esateko garaia iritsi dela.
Besterik gabe, idatzi honek zerbaitetarako balioko duelakoan agurtzen naiz.
Laxaro Etxabe Zerain