Euskadiko txapeldun izan dira Ainara Rueda, Elene Rodriguez eta June Rueda hernaniarrak

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 7a, 00:00

Elene Rodriguez, June Rueda, Ainara Rueda, Araitz Beroz, Jone Aguilar eta Maider Iriondo, Euskadikoan zein Getxoko Torneoan lortutako sariekin.

Sekulako emaitzak lortuta bukatu dute denboraldia Hernani Gimnastika Klubeko kideek, Euskadiko Txapelketan domina ugari pilatuta, aurreko bi asteburuetan. Gainera, garaipenak lortu zituzten Getxoko Torneoan ere.

Ezin gozoagoa izan da denboraldi bukaera, Hernani Gimnastika Klubarentzat. Gipuzkoako Txapelketan sekulako emaitzak lortu ondoren, balentria errepikatu dute Euskadikoan ere, aurreko bi asteburuotan. Domina sorta ederra pilatu dute senior eta jubenil mailetako gimnastek, eta Euskadiko txapeldun ere izan dira Ainara Rueda, Elene Rodriguez eta June Rueda.

Senior master A kategorian nagusitu zen Ainara Rueda: lehenengo postua lortu zuen mazoekin, hirugarrena pelotarekin, eta txapeldun izan zen sailkapen orokorrean. Maila berean, bosgarren postua lortu zuten June Clementek eta Nerea Echarrik elkarrekin, sailkapen orokorrean.

Senior master B kategorian, berriz, June Ruedak eta Elene Rodriguezek ekarri zituzten urrezko dominak: pelotarekin nagusitu zen Rueda, mazoekin Rodriguez, eta Euskadiko txapeldun izan ziren elkarrekin, sailkapen orokorrean.

Eta jubenil B mailan, azkenik, bigarren postua lortu zuen Jone Aguilarrek xingolarekin, eta hirugarren izan zen Maider Iriondorekin batera sailkapen orokorrean.

Dominarik ez lortu arren, lan bikaina egin zuten Ainhoa Pradosek eta Erika Marquezek ere, jubenil A eta kadete A mailetan, hurrenez hurren. Eta ederki aritu ziren hernaniarrak taldeka, kategoria ezberdinetan. Senior A taldeak, esaterako, laugarren postua lortu zuen, podiumetik puntu erdira.

 

Getxoko Torneoan, erakustaldia

Euskadiko Txapelketaren ondoren, Getxoko Torneoan ere hartu zuten parte hainbat gimnasta hernaniarrek, ekainaren 1ean; eta erakustaldia eman zuten bertan. Araitz Beroz txapeldun izan zen sokarekin, infantil B kategorian; eta garaipena lortu zuen Ainara Ruedak ere, pelotarekin, senior master A kategorian. Gainera, sari berezi bat ere jaso zuen Ruedak berak: torneoko koreografia arriskutsuenarena. Infantil B taldeak, bere aldetik, hirugarren postua lortu zuen Getxon.

Hori baino lehenago, maiatzaren 25ean, Eskolarteko Jokoetan izan ziren klubeko bi gimnasta, Gipuzkoako Txapelketan lortutako emaitzen sari gisa: Irune Alsua eta Laia Lazkoz. Kategoria bat goragoko gimnasten aurka aritu ziren, eta lan bikaina osatu zuten. Bereziki nabarmena izan ziren Alsuak lortutako seigarren postuak, esku hutsik modalitatean eta sailkapen orokorrean. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!