Hernaniko auzoetako jaien katea hastera doa! Gaur hasiko dira Osiñagako Jaiak, eta bihar arte festa giro itzela izango dute Arriatxu inguruan. Bi eguneko egitarau erakargarria prestatu du jai batzordeak, ohiko jarduerak eta sorpresak tartekatuta.
Txupinazoa eguerdiko 12:00etan botako dute, baina aurretik bizikleta martxa egingo dute auzoan zehar. Osiñagako bazter guztiak zeharkatu ondoren, Arriatxuko aldapa gogorra igo, eta bertan igaroko dituzte datozen bi egunak.
Euskal kulturarekin lotura estua izaten dute Osiñagako Jaiek, eta aurtengoan ere horixe islatzen dute jarduera askok. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da herri kirol saioa. Bailarako kirolariak arituko dira nor baino nor; harrian Elene Alkorta eta Andoni Mujika arituko dira; aizkoran, aldiz, Laiene Pikabea, Igoin Pikabea, Oihana Fernandez de Barrena eta Kimetz Oiñederra. Herri kirolak bukatutakoan, taula erakustaldia, bertso saioa eta sagardo dastaketa izango dira.
Iazko arrakastek jarraipena izango dute aurtengoan
Iazko jaietan bi berritasun txertatu zituzten egitarauan, eta izandako arrakasta ikusita, mantendu egin dituzte.
Itzal taldearen kontzertua amaitzen denean, Afizionatuen II. Dantza Suelto Txapelketa da horietako lehenengoa. Bakoitzak estilo librean dantzatzeko aukera izango du.
Bigarren jarduera biharko bertso pelota ikuskizuna da. Lehengo urtean ordezko gisa etorri ziren Mikel Olazabal eta Oinatz Bengoetxea, eta aurten titular modura jokatuko dute.
Galdera bakarra geratzen da argitzeko: Iraitz Arrutik jokatuko al du bihar? Erantzuna Arriatxun topatuko duzue!
OSIÑAGAKO JAIAK
GAUR
10:30 Bizikleta bira auzoan zehar. Ondoren hamaiketakoa izango da Arriatxun.
12:00 Txupinazoa eta haur jolasak.
14:00 Bazkaria guretzat.
18:00 Herri kirol saioa.
Harrian: Elene Alkorta eta Andoni Mujika. Aizkoran: Laiene eta Igoin Pikabea, Oihana Fdz. de Barrena eta Kimetz Oiñederraren aurka.
Ondoren taula exibizioa motozerrarekin.
19:00 Bertso saioa.
Ondoren sagardo dastaketa.
21:30 Auzo afaria Arriatxun.
00:30 Dantzaldia Itzal taldearekin.
Ondoren Afizionatuen II. dantza suelto txapelketa.
BIHAR
12:00 Gazteen arteko pelota partiduak.
13:00 Bertsolariak: Aitor Mendiluze eta Unai Agirre.
14:00 Bazkari herrikoia Arriatxun. Euskal Parrilakoek prestatuta.
18:00 Bertso pelota: Oinatz Bengoetxea - Mikel Olazabal Unai Agirre eta Aitor Mendiluze.
Ondoren trikitilari gazteak.
Saio ederra eskaini zuten Itxas Burun Elustondok eta Martikorenak
40 lagun inguru elkartu ziren Osinagko Jaien aurreko bertso afarian. Ale ederrak utzi zituzten bi bertsolariek.
Pixkanaka ohitura bihurtzen ari da Osiñaga auzoan Jaien aurreko bertso afaria. Itxas Burun egin zuten aurtengoa, eta 40 lagun inguru elkartu ziren Nerea Elustondoren eta Eñaut Martikorenaren bertsoak aditzeko. Umore kolpe ederrekin, errepaso galanta eman zioten jaietako egitarauari. Gaur eta bihar ere bertsoek tarte haundia izango dute Arriatxun.