Burujabetzarik ez duten herriei galdetzen zaie zertarako nahi duten burujabetza. Esklaboei ere esaten zitzaien bezala hobeto zeudela menpean askatasunean baino, bestela gosea pasako zutela. Hala ere, galderari erantzungo diot: burujabetza nahi dut hobeto bizitzeko.
Pertsona guztiek eskubide berberak izatea nahi dut, edozein izanda ere duen generoa edo jatorria. Gure hizkuntza galtzerik ez dut nahi, bizirik dauden munduko beste hizkuntzen parean egotea nahi dut. Lan harremanen euskal esparrua lehenestea nahi dut, langileen eskubideak, hitzarmenak, hobeak izango dira horrela guztiontzat. Zerga politikak justuak izatea nahi dut, Euskal Herrian erabakitakoak, gutxien duena zigortzen ez dutenak. Gizarte Segurantza propio eta beregaina nahi dut, euskal jendearen beharrei modu egokian erantzungo diona, frogatua geratu baitzen, euskal sistema propio bat bideragarriagoa zela orain daukaguna baino. Burujabetza nahi dut, munduko herri eta jende zapaldua hobeto laguntzeko, gerrarik nahi ez dudalako, arma-trafikatzaileak ez aberasteko diru publikoa armatan xahututa. Azken finean, burujabetza nahi dut, gertuago dagoen gobernuak hobeto erantzuten dielako jendearen beharrei, Euskal Herria nazioa delako, munduaren gainerako nazioen aurrean agertzeko neurri egokia duelako. Baina batez ere, burujabetza nahi dut libre izateko. Euskal Herria askatasunean agertzea nahi dudalako munduaren aurrean. Bizirik eta aske. Horretarako, herritarrok mobilizatu beharra daukagu, kateak itsusiak baitira hilotzaren gorputzean,... Larunbatean, ekainak 7, Bilbora joango naiz, Gure Eskuk antolatu duen mobilizazio nazionalera.
Autobusetarako txartelak salgai daude Oa gozotegian, Garin tabernan eta Herri-Lurren.