Kronika eta Kantaita omenduko dituzte San Joanetan, 25. urteurrenean

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 6a, 00:00

Kronika eta Kantaitako ordezkariak, Aitor Huitzi zinegotzia eta San Joanetan parte hartuko duten ordezkariak.

Txupinazoa botako dute ekainaren 23an, asteazkenean festen aurkezpenean ezagutzera emanez.

Asteazkenean 2025eko San Joanetako ildo nagusiak Udaletxeko ekitaldi aretoan egindako ekitaldi batean jakinarazi ziren. Aurten Kantaita eta Kronika omenduko dira 25garren urteurrena ospatzen baitute sortu zirenetik eta bandera igo eta jaisteko arduradunak izango dira ekainaren 23an eta 27an.

Pozez eta ilusioz hartu zuten berria Kantaitak eta Urumea bailarako egunkariak. Kantaita taldeko Pepi Arrozpidek Ramon Garcia eskertu nahi izan zuen: «Dantzari Aste batean Kantaita errekuperatzeko planteatu zuena». Iñigo Goñik, Kronikaren izenean, azaldu zuen Kronikarentzat oso berezia dela aukeratua izatea. «2000garren urteko ekainaren 23an argitaratu zen lehenengo zenbakia eta orain omendua izateak ilusio berezia egiten digu. Lana eta festa uztartu behar izaten dugu, baina gustura egiten dugu. Ez nituzke ahaztu nahi Kronikako lehenengo hiru langileak: Jexux Mari Irazu, Unai Agirre eta Aritz Zerain».

Gazteentzako diskofesta

Aitor Huitzi kultura zinegotziak aurkeztu zituen San Joanak 2025 eta azpimarratu zituen berrikuntzen artean gazteentzako diskofesta izan zen. «27ko arratsaldean izango da Atsegindegin. Zea Maysen kontzertua ekainaren 26an dago iragarrita Plazan eta txupinazoan «gurpildun aulkian dabiltzanentzako gune bat ezarriko da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!