Etxebizitza duina lortzeko herritar askok arazoak dituzte gaur egun eta, kasu batzuetan ‒pertsona arrazializatuen kasuan, adibidez‒ arazoa are larriagoa da, alokatzeko orduan jarrera arrazistak ere jasan behar izaten dituztelako. Egoera hori izanik, ikusten dugu ez direla arazoari aurre egiteko beharrezko neurriak hartzen. Etxebideren datuek honako hau diote: Hernanin erroldatuta dauden pertsonen artean, 645k alokairuan bizitzeko eskaera egina dute, eta 380k erosketarako. Kopuru horien aurrean, harrigarriena da Hernanin 779 etxe hutsik daudela.
Badakigu hutsik egotearen arrazoiak askotarikoak izan daitezkeela. Ulertu ezin duguna da, inongo arrazoirik gabe, etxeak hutsik egotea. Errealitate lazgarri horren aurrean gaiarekiko sentsibilitate handiagoa esperoko genuke. Etxebizitzak funtzio soziala du ‒ez ekonomikoa‒, eta hutsik badago ez du betetzen funtzio hori. Imajinatzen al duzue ospitaleko oheak hutsak egotea eta ezin erabili ahal izatea?
Gaur egun, ulertezina da etxebizitza bat hutsik egotea. Programa batzuek ordainketak bermatzen dituzte, eta etxebizitzaren baldintza egokiak ziurtatzen dituzte. Etxeguratik eta Hernani Burujabe proiektuaren barruan, "Jabe solidarioen sarea" lortzeko lanean ari gara. Beren etxebizitzarekin espekulatuko ez duten jabeak saretu nahi ditugu, beharra duten herritarrekin harremanetan jarri ahal izateko. Prezioak merkatuaren logikatik urrun egotea da helburua, eta bi aldeentzako bermeak izango lituzkete.
Horrez gain, Hernanin etxebizitzaren behatoki bat martxan jartzeko lanean ari gara, herritarrok irtenbideen diseinuan aktiboki parte har dezagun. Guk lanean jarraituko dugu etxebizitza eskubidearen alde, eta bidegabekeria hau salatu nahi duen oro animatzen dugu bat egitera.