Chillida Leku uda garaia ospatzeko prestatzen ari da eta ekainaren 20an, ostiralean, Udako Solstizioa ospatuko da bertan. Proximity paisaia-operak, Jeroen Strijbosek eta Rob van Rijswijkek museorako bereziki moldatuko ditu musika piezak eta paisaiaren pertzepzioa aldatuko duten soinu inguratzaileekin beteko ditu zelaiak.
Konpositore nederlandarrek leku, objektu eta espazio arruntak eraldatzen dituzte, eta soinuaren, espazioaren eta ikusleen paperaren arteko harremana esploratzen dute horiek esperimentatzeko orduan. Chillida Lekurentzat, Proximity bere paisaia-opera moldatuko dute eta, Eduardo Chillidaren obran oinarrituta, museoko paisaia soinutan eta musikan murgilduko dute.
Horretarako, Carolina Luquin eta Haizea Muñoz euskal sopranoekin, Eñaut Elorrieta abeslariarekin eta David Chalmin musikari eta konpositore frantsesarekin kolaboratuko dute. Hala, Chillida Lekuko zelaiak espazio bat bihurtuko dira, non musika-emanaldiak publikoa gonbidatuko duen paseatzera, pentsatzera eta espazioa modu guztiz paregabean berraurkitzera.
Udako Solstizio berezirako 100 sarrera salduko ditu Udalak, erdi prezioan
Udako solstiziorako 100 sarrera jarriko zituen atzo salgai Hernaniko Udalak, erdi prezioan (12,5 euro). Biteri Kultur Etxea izango da salmenta puntua. Sarrera hauek bukatzean, Chillida Lekuren webgunetik (www.museochillidaleku.com) egin beharko dira erosketak. Guztira, 1.000 sarrera jarriko dira salgai. Hernaniko herritarrentzako eskaintza berezia Hernaniko Udalak eta Chillida Leku Fundazioak sinatuta duten hitzarmenari esker gauzatzen da.
Ongizatea, jazzaldia, zinema eta tailerrak Chillida Lekun
Udaran zehar Chillida Lekuk hainbat ekitaldi hartuko ditu bere zelaietan. Norberaren eta ingurumenaren ongizatearen aldeko apustua egiten du eta yoga praktikatzeko eszenatoki bihurtuko da berriro uztaileko eta abuztuko larunbatetan.
Uztailaren 10ean brinda eta marrazki tailerra izango da, Lurra Kafeko terrazan, eta museoko bitartekotza-taldeak dinamizatuko du.
Ohi bezala, museoa Jazzaldiaren egoitza ofizialetako bat izango da berriz ere. Jazzaldiak uztailaren 19an eta 27an egingo du 60. edizioa.
Udako beste hitzorduetako bat aire zabaleko udako zinema izango da, aurten abuztuaren 7, 8 eta 9an. Hiru gauez jarraian, publikoak El 47, El monje eta el rifle film berriez gozatu ahal izango da.