Hernaniko Haurren Kontseiluak lau eskari zehatz egin dizkio Udalari

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 5a, 00:00

Haurren kontseilua bildu zen udal ordezkariekin.

Xabier Lertxundi alkaterarekin eta Aitor Lukas zinegotziarekin bildu ziren astelehenean Hernaniko lau eskolatako ordezkariak.

Hernaniko Haurren Kontseilua osatu duten 19 ordezkariak udal arduradunekin elkartu ziren astelehenean, euren eskaerak egiteko, azalpenak emateko eta konpromisoak adierazteko. Honela, Biteri Kultur Etxean Xabier Lertxundi alkatea eta Aitor Lukas Partaidetza zein Haur, Nerabe eta Gazteria zinegotziarekin aurrez aurre bildu ziren. Aratz, Elizatxo, Langile eta Urumea ikastoletako irakasle ordezkariak ere han izan ziren.

Ikasturtean zehar lantzen eta pentsatzen aritu direnak azaldu zituzten ikasleek. Lau eskaera nagusi izan zituzten Udalarentzako, eta beste hainbeste txokotan prestatutako aurkezpenen bidez jakinarazi zituzten horiek.

Lehenik eta behin, iturrien egoeraren inguruko hausnarketa partekatu zuten. Esan zutenez, «kalean iturriak egotea oso garrantzitsua da baina batzuk ez daude oso egoera onean». Mapa batean jarri zituzten euren iritziz hobetzeko beharra duten iturri publikoak. Bereziki aipatu zituzten «Ezkiaga eta Ave Mariakoa».

Bigarren eskaera Atarrabiyo parkearen ingurukoa izan zen. «Nahi genuke berritzerakoan eskalatzen igo eta txirristatik jaisteko zuhaitzak jartzea, Bertizen dagoenaren antzera; zuhaitzetik zuhaitzera pasatzeko gunea; parkea koloretsuagoa izatea; komuna; aterpetxo bat eta tirolina».

Lertxundik eta Lukasek Atarrabiyo parkea berritzeko proiektua «prestatua» dagoela azaldu zieten, «eta zaila da hori aldatzea». Hala ere, Udalak «haurrekin elkarlanean zerbait egitea begi onez» ikusten duela adierazi zieten. Ideia gustatu zaiela adierazi zuten Haurren Kontseiluko kideek.

Txikilekua, «eraikin bat guretzako»

Ondoren, Biteri Kultur Etxeko zinema saioetan «jateko aukera» egotea eskatu zuten. «Aretoan zakarrontzia, erratza eta lanbasa» eskatu zituzten, «filma bukatzean dena txukun uzteko». Haurrek adierazi zutenez «azala eta saltsa duten gauzak ezingo lirateke jan».

Udalak gai hau Kultura sailarekin aipatu duela adierazi zien Aitor Lukas zinegotziak. «Prest daude urrian proba egiteko, zenbait baldintza jarrita, Biteriko aretoa ez baita zinemarako bakarrik erabiltzen. Probaldiko saioetan zuek ere egotea proposatzen dizuegu, nola geratzen den baloratzeko». Haurrek baietz esan zuten eta horrez gain, filmaren aurretik emateko anuntzio pedagogiko bat egiteko prest agertu ziren.

Azkenik, Txikilekua eskatu zuten Hernaniko haurrentzat. «Eraikin bat nahi dugu, hiru pisutan banatua, gu egoteko. Ez dugu gauza antolatuak egotea nahi» eta azaldu zuten nola banatu nahi luketen Txikilekua: «Lehenengo pisuan egoteko tokia, bigarrenean tailerrak egitekoa eta hirugarrenean, txikiagoentzako tokia, txikipark moduko batekin». Ametsetako Txikilekua litzatekeenzien «proiektua zaila» dela, izan ere «Udalak ez du eraikin hutsik». Hala ere, Urumea ikastola zenaren tokian kultur ekipamendu berria eraikitzean Biteri Kultur Etxeko espazio batzuk libratuko direla aurreikusten dela aipatu die Aitor Lukasek eta galdera bota: «Zer iruditzen zaizue Biteriko espazio batzuk Txikileku izateko bideratzea etorkizunean?».

Haurren Kontseiluan parte hartu dute LH5 eta 6ko ikasle ordezkariek. Gustura aritu ziren eta horren adibide, bukaeran luzatu duten eskaera: «LH5ekook hurrengo urtean berriz Haurren Kontseiluko ordezkari izan gaitezke?».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!